AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Ongi etorriak eremu pribatura mugatu izanaren harira argitaratu genuen editorialak zalaparta piztu zuen. Abenduko artikulu hartan zera adierazi genuen: militanteen lan politikoaren aitortza publikoa ukatzeak haien izaera politikoa estaltzen zuela. Hitz batean esanda, EPPK-ren erabaki horren atzean programa politiko jakin baten ukoa zegoela. Ongi etorrien auziak Ezker Abertzalearen programa historikoaren eta oraingoaren arteko haustura eta kontraesana agerian utzi zituelako, alegia.

Horiek beraiek, pasa den astean Maialen Iriarte Ertzaintzaren 40. urteurreneko omenaldian ikustean, malabarismoak egin behar izan dituzte beren jarduna justifikatzeko, ongi etorrien erabakiekin egin zuten bezalaxe. Hain zuzen ere, erabaki bata zein bestea (omenaldi batzuk egiteari uztea eta besteetan parte hartzea) txanpon berberaren bi aldeak dira. EH Bilduko buruzagi epel batzuen erabaki zoroa izatetik urrun –Hasier Arraizen garaian erabilitako azalpena izan zen hori, adibidez–, EH Bilduren norabide politikoaren baitako pauso logikoak dira. Pastel parlamentarioaren zati handi bat ahora eramateko onartu dituzten arau eta balioekin eta boteredunen onarpena bilatzeko jardunarekin koherente izaten ari dira, besterik ez. Gizarte burgesaren funtzionamendua ahalbidetzea estrategia horren «albo-kalte» bihurtu den heinean, polizia goraipatzea horren baitako eginbeharra da.

Era berean, botereak onartzen ez dituen jarrerak kondenatzea beren betebehar berrien beste aurpegi bat baino ez da. Argi geratzen da komunistok ez garela kondena horretatik libratzen, eta horretarako, ahal dituzten kalumnia guztiak erabiltzen dituztela komuniston aurka: etsaiz nahasten garela, forma okerrak erabiltzen ditugula, ez dugula protesta egiteko momentu eta eduki egokia aukeratzen… Askotariko irainak erabiltzen dituzte gure jarduna deskalifikatzeko. Koadro argigarria osatzen zaigu era horretan: aste berean hezkuntza erreformen aurkako ikasle greba arbuiatu eta 34 atxiloketak gauzatu dituen polizia omendu dute.

Ondorioz, gisa horretako komunikatu publikoak ez dira hutsegite puntualak, beren estrategia politikoaren adierazpen koherenteak baizik. Hain justu, oker dabilena estrategia politiko horren funtsa aitortzeko gai ez den hori da, horrelako adierazpenak egiten diren bakoitzean oraindik ere harrituarena egiten duen hori.

Komuniston zeregina, horrenbestez, sozialdemokraziaren ezintasun horietatik harago begiztatu eta alternatiba politiko erreal bat planteatzea da.