AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Eguneroko bizitza jasangaitza bihurtzen ari da langile klasearen gero eta zati handiagoarentzat eta erronka gero eta handiagoa hilabete amaierara iristea. Proletarizazio basatia eta bortxa bidezkoa ari da jasaten langile klasea Mendebaldean. Elikagaien, argiaren eta erregaiaren prezioaren gorakada, langabezia kronikoaren hedapena edo zerbitzu publikoen kalitatearen galera kapitalismoa krisian dagoela erakusten duten adibideak dira, eta langileriak produktu sozialera gero eta sarbide murritzagoa duela adierazten dute. Bestela esanda, belaunaldiz belaunaldi langile klasearen lanari esker ekoitzi den aberastasun sozialari zein aurrerapen teknologiko eta zientifikoei probetxatu ateratzeko aukera ukatua zaio gero eta kapa sozial handiagoari.

Autoa izatea edo modu librean herri batetik bestera mugitzea, adibidez, pribilegio bilakatzen ari dira. Gasolina zein diesela bi eurotik gora dago litroa, baina Repsol, Cepsa eta BP multinazionalak irabaziak biderkatzen ari dira langile klasearen soldatak lapurtzearen kontura. Bitartean, Espainiako Gobernuak «krisiaren aurkako plana» delakoa aurkeztu du; krisi ekonomikoaren aurrean langileria babesteko plana dela diote, baina Gobernuaren krisiaren aurrean beren alderdi politikoak salbatzeko populismoa baino ez da. Gasolina litroko 20 zentimoko laguntza ematea eta argindarraren prezioa bataz beste 4 eta 5 euro bitarte merkatzea dira ia efektu errealik ez duten baina komunikabideei esker populismoa egiteko balio dioten neurrien adibideetako batzuk.

«Historiako gobernurik progresistaren» eta oligarkia internazionalen arteko lankidetzan, langileriaren soldaten eta aurrezkien aurkako ofentsiba garatzen ari dira, eta gainontzeko ezker parlamentarioa «konplize» izatera mugatu da. Honezkero adostua izango dute, agian, ministro edo gobernuko alderdikideren batzuentzako posturen bat Repsol, Cepsa edo beren orbitako enpresaren batean. Ez harritu, ez litzake eta lehen aldia izango. Langileria, baina, bere interesak defendatzeko indar efektiborik gabe dago; horregatik suertatzen zaio oligarkiari hain erraza haren aurka egitea.

Datorren larunbatean, irten gaitezen Bilbo eta Iruñeko kaleetara langileriaren aurkako ofentsiba antolatu horren aurka. Itzul dadila gasolinaren eta dieselaren prezioa duela hilabete batzuetako prezioetara, ezarri diezaiola muga Gobernuak. Aldarrikapen horien eta beste hamaika borroken efektibotasuna langileriaren antolakuntza politiko independentea indartzean datza, Estatutik eta alderdi parlamentarioetatik kanpo, antolakuntza eta borrokarik gabe oligarkiak eta haren menpeko gobernuek ez baitiote ezer «oparituko» langileriari.