Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi ditu urte eta erdiz indarrean izan diren neurri murriztaileak, eta badirudi Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan berdina jazo litekeela datorren asteetan. Egoera, nolabait, «normalizatzen» ari da askoren aburuz. Normalizazioaz ari direnek auzi ezberdinengan jarri arren arreta, gehienek birusaren kutsatze-tasa baxuari erreparatzen diote, edo, bestela, aisialdi eskaintza «normalizatuari». Eta berri onak dira horiek, bai. Luzaroan itxaron ditugunak. Alabaina, une honetan proletariotzaren subordinazioak zer prezio duen ikusteko zorian gaude. Izan ere, askorentzat pozik egoteko nahikoa motibo izan daiteke normalizazioak dakarren atzera itzulera hori (aisialdiarena batik bat). Proletariook, aitzitik, argi izan behar genuke ez dela atzera itzulerarik eta, bizi izan dugunaren ostean, geundena baino okerrago egoteko arriskuan gaudela (gure posizio politikoak behintzat ez du hobera egin eta kondizio ekonomikoa ez da ona). Arnasguneen garrantzia handia bada ere, militante komuniston ardura da delako normalizazioa borrokatzea, pandemiaren bukaerak ez dezan diktadura burgesa legitimatu. Zeren eta urte eta erdiz bizi izan dugun ez-ohiko egoera politikoa eta burgesiaren diktadura ez baitira gauza bera: urte eta erdiz indarrean izan den gobernu eredua diktadura burgesak hartu duen formetako bat izan da, baina diktadura burgesak indarrean jarraituko du aurrerantzean ere.
Beraz: normalizazioaren itxurakeria borrokatzearekin batera, proletarioei antolakuntza komunistara batzeko aukera luzatu behar diegu militanteok, are krisi garai honetan normalizazioak ekar ditzakeen paradisu artifizialek ez dutenean apenas iraungo.
Horrez gain: neurri murriztailerik eza militantzia komunista indartzeko abagunea da, ez honi bizkarra emateko motibo.