Paramilitar faxisten 2014ko kolpean, ondorengo ia bi urteko gerran eta ordutik izan diren Minskeko akordioen urraketa ugarietan (13.000 hildako, 30.000 zauritu, 3,4 milioi lagun oinarrizko laguntza beharrean eta abar 2015-2020 artean) isilik egon izan dira «ezkertiar» asko beren adierazpen ofizialetan. Orain, berriz, horiek berak dira Errusiaren Ukrainako inbasioa dela-eta gerraren aurkako aldarriak ozen oihukatzeko korrika eta presaka ibili direnak. Irakeko gerratik ez zen aho bateko gerraren aurkako halako kondenarik ikusten, eta ez da izango tartean gerrarik egon ez delako. Urrutiegi joan gabe, ia 100 hildako izan ziren Yemenen NATOren aliatuek gauzatu zuten urtarrileko bonbardaketa bakarrean, eta azkenaldiko sarraskien zerrenda luzea da: Siria, Etiopia, Sahara, Palestina… Gainera, NATO bera da egunotan gerra luzarazten, gogortzen eta kontrolpetik aterarazten ari den agentea.
Gerra, proletalgoak burgesiaren aurka egiten duena ez bada, ia beti da herrialde ezberdinetako burgesien arteko gatazka oinarri duen gertaera, bestelako faktoreek ere eragin badezakete ere. Mendebaldeko herrialdeek Errusiaren eraginaren gorakada geldiarazi nahi dute, bigarren mailako potentzia ekonomiko eta geopolitikoa izaten jarraitu dezan. Errusiak, kontrara, espazio sobietar ohiaren gaineko kontrola nahi du, NATO ahultzeko eta Erdialdeko Asian zein Europa ekialdean merkataritza espazio propioa eratzeko. Ukrainako agintariak, berriz, norgehiagoka horren erdian aberastu izan dira, beren herrialdea alde bati (Timoxenko, Poroxenko…) zein besteari (Janukovitx) salduta. Alde guztiak oligarkiaren fakzio ezberdinak dira, eta guk horien guztien aurka posizioa hartu behar dugu, noski. Baina «gerrari ez» orokor eta abstraktu batek, gerraren zergatiak eta osagaiak aztertu gabe, ez garamatza inora ere. Hau ez da Internazionalaren garaia, herrialde ezberdinetako proletalgoa gerraren aurka lerrokatzeko gaitasuna eduki zuenekoa.
Komuniston betebeharra da egoeraren analisian sakondu eta bestelako faktoreak eta zergatiak kontuan izatea. Besteak beste, gerra aldebakarreko fenomeno gisa hartu beharrean, hari beste begirada batez begiratzea dagokigu: Errusiari ezarritako zigor ekonomikoak, armen bidalketa edota zibilak gerrara eramatea herritar xumeen aurka egiten duten gerra estrategiak dira; oso bortitzak, gainera. Bestalde, ukaezina da, adibidez, Ukrainako 2004ko eta batez ere 2014ko gertakarien artean indar faxisten itzala zegoela. Istilu horietan demokraziaren aldekotzat definitu zuten Euromaidan mugimenduaren baitan iniziatiba zeraman talde nagusia Pravy Sektor alderdi paramilitar faxista zen. Kolpearen ondoren osatu zen gobernuan, berriz, hiru ministro, herrialdeko fiskal nagusia, armadako buru nagusietako bat eta lehendakariordea bera Svoboda alderdi nazikoak ziren. Alderdi horrek 1998an ez zuen bozken % 0,16 besterik lortu. Gauzak argi esanda, boterera heldu direnak «europarzale» izateak ez die faxista izaera kentzen; faxistez beteta dago Ukrainako Estatua, eta horren adibide dira azken urteetan Ukrainan existitu diren lege antikomunista gogorrak. Horien guztien desagerpena beti izango da berri ona guretzat. Azti ibiltzea komeni zaigu, ordea: Putin bera ere nazionalista eta oligarka hutsa da, ez «antifaxista konprometitua». Beraien interesak beste ezeren gainetik jartzen dituen horietakoa.
Komunistok beti egon gara kapitalisten arteko gerraren aurka, proletalgoak beti galtzen duelako gerra horietan. Baina Mendebaldeko agenda mediatikoak ezin gaitu itsutu, horrelako egoeretan egia baita galtzen ateratzen den lehena.