AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Azken aste osoan, Donostian, Ezker Abertzaleak tentsioa igo du eta muturrera eraman du Mugimendu Sozialistako militanteenganako presioa, larunbatean egoerak eztanda egin eta gatazka fisikoa iritsi zen arte. Agian, Ezker Abertzalekoak orain arte ikusi gabe geunden moduan estutzen saiatu dira komunistak, eta horren adibide ditugu Kijera aurrean gertatu zen eraso fisikoa (larunbata baino lehen), difamazioa, militanteen seinalamendu publikoa, arrazoi politikoengatik lanetik kaleratu izana edo larunbat gauean militante bat, aste guztian publikoki seinalatu duten berbera, etxe atarira jarraitu eta bertan jipoitu izana.


Ezker Abertzaleak estrategia bat eta bakarra izan du Mugimendu Sozialistarekiko bere sorreratik gaur arte. Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak EITBn Mugimendu Sozialistari buruz esandakoek eta esan gabe utzitakoek ondo adierazten dute zertan datzan: maila mediatiko-publikoan existituko ez balitz bezala jokatzean eta, zerbait esatekotan, derrigorra bada, inolako garrantzi politikorik eduki ezin duen «grupuskulo» erradikal modura proiektatzean. Otegi ere, tokatu zaionean, horretara mugatu da. Kale mailan, aldiz, egurra ematen diote mugimenduari, ez elkarrizketa eta ez eztabaida politiko arrazionalik ez dute nahi harekin, Mugimendu Sozialista desagerraraztea helburu duten ekintzak soilik. Horrela ulertzen da Mugimendu Sozialista txosna eta espazio publikoetatik kanporatu izana edo hainbat herri edo auzoetako Ezker Abertzaleko gazteria osoa esklusiboki mugimendua blokeatzeko eta ahultzeko lanetara jarri izana.


Honezkero eskuetatik joan zaio egoera, ordea, hartutako estrategiak ez baitu bat egiten errealitatearekin. Nola bihurtu daiteke ikusezin zazpi mila pertsona baino gehiagoko manifestazioak egin dituen eta dagoeneko euskal gizartearen zati handi batek ezagutzen duen mugimendu bat? Zergatik jarraitzen dute pentsatzen egun batetik bestera desagerrarazi dezaketela lauzpabost urte hazkundean daramatzan mugimendu bat?


Itaia Emakume Sozialisten Antolakundearen asteburuko jardunaldien arrakasta hazkunde horren adibide da, baita aipatutako Ezker Abertzalearen estrategiaren eraginkortasun ezarena ere. Nahiz eta Itaiaren aurkako difamazio eta burla kanpaina bat egon den asteetan zehar –feminismo hegemonikoa kritikatzeagatik eta harekiko modu independentean antolatzeagatik matxistak direla edo gizonek engainatu dituztela esanez, adibidez– eta Berria egunkarian zein Euskadi Irratian zenbaitek gezur eta desitxuraketa horiek elikatu dituen, mila lagun baino gehiago batu zituen Itaiak Hernanin, eta gehiengo zabala emakumezkoek osatzen zuten, gainera. Emakumeak politizatzen eta antolakuntzara batzen egiten duen lan nekaezinaren emaitza izan da hori. Emakume langileenganako zapalkuntza aztertu eta horri aurre egiteko bitartekoen inguruan hausnartzeko batu ziren, eta baita horrek sozialismoaren eraikuntzarekin izan beharreko harremana pentsatzeko ere.


Ezker Abertzaleak Mugimendu Sozialistarekiko duen jarrera aldatu egin beharko luke, beraren existentzia ontzat eman eta bere jarduna normalizatu. Horretarako, gainera, bi mugimenduen arteko gutxieneko jarrera eta marra gorri batzuk adostea beharrezko baldintza da. Sortuk eta EH Bilduk dute jarrera aldaketa hori egiteko gaitasuna, eta beraz, haien ardura da horri bide ematea. Bestela, egoera bortitz horrek eta tentsioak areagotzen jarraitzen badu, galtzeko gehien dituena langile klasea bera da, masa zabalengan politikarekiko, militantziarekiko eta borrokarekiko desatxikimendua are gehiago zabaltzera arriskatuko ginatekeelako.