«Maiatzaren Lehena folklore hutsa izatetik eskubide kolektiboen aldeko borroka eguna izatera pasatzea gure zereginetako bat da». Igandean Kontseilu Sozialistek plazaratutako irakurketan adierazten zen ideia horrek egutegian seinalatuak ditugun egunen (maiatzaren 1a, martxoaren 8a, azaroaren 25a…) inguruko hausnarketa garrantzitsu bat gordetzen du.
Data horiek eduki beharreko funtzio politikoaren inguruan aritzeak inplikazio politiko sakonak ditu. Izan ere, erreformismoak egun horiek festa despolitizatu edo urteroko ohitura ganoragabe izatea sustatzen du. Estrategia komunistak egungo ordena sozial, politiko eta juridikoa errotik dinamitatzea galdegiten duenez, beharrezkoa da karga historiko eta sinbolikoz betetako egun horiek urteko 365 egunetan martxan dagoen prozesu horretara lotzea. Aldiz, ezkerreko alderdi eta sindikatuei Maiatzaren Lehena performance bat izatea komeni zaie, beren eguneroko kudeaketa teknokratikoarekin bateragarria izango dena.
Urtero ikusi ohi ditugu diskurtso politiko kalkatuak sindikatu ezberdinen mobilizazio berdinetan. Norbere erreferentzia lehenesten duten pegatina eta bandera korporatiboez betetako festa horietan denek egiten dute antzeko proposamena: lan merkatuko zenbait arazoren inguruan hitz egiten dute –eta bitartean, beste batzuk ezkutatzen dituzte–, beren jardunari merezi baino meritu gehiago aitortzen diote, eta horiek lan erregulazio zorrotzago baten bidez konponduko direla esaten dute. Langile klaseko kideok –edo haren zati bat behintzat– sindikatuetan afiliatzen bagara, horiek geure arazo guztiak konponduko omen dituzte. Horren ordez, komunismoaren gaurkotasuna eta iraganeko esperientzia sozialisten irakaspenak mahai gainean jartzeko ahalegin politiko bat egiten dugunean, bestelako zentzua daukan manifestazio bat egiten denean, norbere interes sindikalen mesedera ari diren horiek Maiatzaren Leheneko batasuna hausten dugula iradokitzen dute.
Hala eta guztiz ere, guk ez dugu folklore autoerreferentzial hori erreproduzitzerik. Egun horiek gure eguneroko jardunari, erronka gogorrei, aurre egiten jarraitzeko balio behar dute. Borroka egunak behar ditugu, eta ez egungo testuingurutik isolatutako mobilizazioak. Egungo proletalgoak sozialismoaren historiarekiko atxikipena sentitzea nahi badugu, horiek gaur egun duten zentzu praktiko eta estrategikoa berreskuratu behar dute, bestela ahanzturak eta despolitizazioak irentsiko dituelako. Horretan datza egun horiek borroka egun izatea, hots, egun horren sorrera eragin zuten Chicagoko gertaeren izaerari fidelak izatea, inondik inora. Norabide argi bat daukagu eta baita nondik ikasia ere.