AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Escrivá ministroak Ara egunkarian egindako deklarazioen harira eztabaida piztu da azken egunotan; hirurogeita hamabost urte bete artean lan egitea egokia izan zitekeela esan zuenez gero, hainbat eta hainbatek bere kezka adierazi du, erretiroa hartzeko legezko adina igoko den beldurrez. Escriváren hitzetan, gaur egun adinekoek (55-75 urte artekoek, hain zuzen ere), gogoz kontra ez bada, ez diote zertan «goiz» lan egiteari utzi; daramagun bizimoduari eskerrak, ordura arte ondo segi liteke-eta lanean. Osasunak, beraz, ez du halakorik eragozten. Horregatik esan zuen ministroak haren aburuz arazoa kulturala dela, baieztatuz, horrez gain, Europan dagoeneko badela joera hori. Bada, jubilazio adinak gora egin du Europan, eta langileek horixe nahi izan dute. 

Polemika eragin dute deklaraziook eta, ohikoa den modura, Escrivá bere burua zuritzen saiatu da. Esan berri duenaren arabera, langileon ongizatea burutan, enpresarien jokamolde okerra gaitzestea zuen asmo, izan ere, enpresariei argi utzi nahi izan zien ez dutela zertan adineko langilerik kaleratu. Ez, bederen, haien lan-gaitasuna edo errendimendua aitzakiatzat hartuta. Hara ba: gaur egun berrogeita hamabost urtetik gora ere osasun ona du langileak, zeina, horrexegatik, inolako buruhausterik gabe luzaroago zapaldu baitezake burgesak. Escrivák berak esandakoari erreparatuta, argi antzeman dezakegu silogismo okerra duela humanismo anker honek, langileriari lana opa dionak, abiapuntu:

Lehen premisa: lanik ez duen langilea txarto bizi da.

Bigarren premisa: lanean den langilea langabezian dagoena baino hobeto bizi da.

Ondorioa: soldatapeko lana ona da langileriarentzat.

Lehen premisa zuzena da eta bigarrena behin-behinean onar dezakegu (beti ez baita egia), baina ondorioarekin ez dugu bat egiterik. Ez da egia. Soldatapeko lanak ez dakarkio-eta inolako onik langileriari; bizirauteko balio dion arren, ez du bere ongizatearekin zerikusirik. Langileriari, hain zuzen ere, soldatapeko lana ez zaio komeni, haren desagerpena, berriz, bai: iraultza sozialista. Eta hori guztia baieztatzen dugu soldatapeko lana bera delako, edo ekoizpen modu kapitalista, langileria miseriara kondenatu eta askatasun politikorik ezean mantentzen duena. Kritika komunistarentzat bigarren premisa ez da soldatapeko lana onartzeko nahikoa motibo: txarto dagoena baino hobeto egoteko aukerak ez du subordinazioa justifikatzen.

Hala ere, ministro batek diktadura ekonomiko burgesaren apologia egiteak ez gintuzke harritu behar, ezta apologia hori egiteko burgesek darabilten ideologiak ere. Escriváren deklarazioak tentuz irakurtzen baditugu, esanguratsuena honakoa da: ez du gauzen egoera ekonomiko orokorra ulertzen. Horren adibide garbia dira gazte langabezia datuen eta jubilazio adinaren arteko loturaz Escrivák esan zituen ergelkeriak, edota krisi garaiotan adineko langileez esandako hori. Halakoetan Lukács zuzen zebilela irudi du, burgesak ez baitira errealitateaz zentzuzko ezer esateko gai. Eta esan ohi dituzten tontakeriak horren dira aldrebesak, ezen zintzotasun osoz esan ohi dituztela baitirudien. Burgesei errealitatea aitortzea ez zaienez komeni, klase-injustizia eta klase-krudelkeria izan badirela onartu beharko dute bestela, Lukácsek Historia eta klase kontzientzia liburuan errealitatea zertan den soilik langileek jakin dezaketela defendatu zuen. Haren ustetan: klase-posizio subjektiboak errealitatea ezagutzeko aukera ere baldintzatu dezake: langileak errealitatea ezagutzeko joera du, errealitatea bera sufritzen duelako eta berau gaitzesteko motibo zuzenak dituelako; burgesek, ordea, ezikusiarena egiten dute (eta azkenerako ezer ikusi ez) eta haien posizio pribilegiatuari gogor eusten diote.

Horrela bada, Lukácsek arrazoia badu, langileria klasearen inteligentzia maila bere etsaien definizioan neur daiteke. Eta hau, praktikan, norberaren aliatuetan ikusten da argien.