Pasa den astean elkarren artean kontrastatuak izatea merezi duten bi gertakari izan genituen, dimentsio kausala, dimentsio geografikoa eta denbora-dimentsioa partekatzen dutenez gero. Batetik, Afrikako milaka etorkin Ceutako mugetan harrapatuta ikusi genituen. Horiei, biolentzia faxistan, bortizkerian eta deportazioan oinarritutako erantzuna eman zien azken 50 urteetako Espainiako Gobernu «ezkertiarrenak». Une berean, Sanchezen gobernuak prentsaurrekoa eman zuen turistei ateak irekitzen zizkiela esanez, haien falta sentitu zutela eta ongi etorriak izango zirela adieraziz.
Aurrez aipaturiko gertaeretan paradoxa argi bat nabari dugu: lehen mailako hiritarrak daudela, batetik, turistak; eta hiritartasuna ere merezi ez duten populazio soberakina dagoela bestetik, etorkinak eta proletalgoa, oro har. Azkenengoen egoerari eta horren zergatiei helduta, ikusten dugu nola kapitalismoaren krisialdi garaietan lan-indar soberakina eratzen den nahitaez, eta biztanleria ez-emankor hori ekoizpen zirkuitutik kanporatua eta periferiara lekualdatua izan ohi dela. Horrelaxe ari da gertatzen egun, non Kapitalaren ekoizpen ziklo globalak soberan daukan pertsona kantitate ikaragarria existitzen den, Mike Davis soziologo estatubatuarrak urbanismotik begiratuta «miseria-hirien planeta» bezala izendatu zuena, eta proletalgoaren informaltasun eta ilegalizazio prozesuak ezaugarritzen duen fenomenoa. Horrenbestez, burgesiaren lan eskariaren araberako etorkinen erregulazioa inposatzen dute estatu kapitalistek, beharrezko ez direnei ateak itxiz eta diskurtso chauvinistei/erasoaldi faxistei sukaldeko lana eginez. Kontrara, turistek ekonomia tertziarioentzat (Espainiaren zati handi bat kasu) oxigenoa eta etekina dakarte, eta horrexegatik jasotzen dituzte beso zabalik agintariek eta politikari profesionalek. Bi trataera horien arteko konparaketak gizarte kapitalistaren alde bihotz-gogorrena erakusten digulakoan gaude. Izan ere, burgesiaren etekinak soilik dauka aitortza erreala, eta aldiz giza eskubideen paradigma kontakizun ziniko eta diskurtso antikomunistaren parte bezala ageri zaigu.
Guretzako, aipaturiko egoerari aurre egiteko aukera bakarra jendarte komunista baten eraketan eta horretara indarrak bideratzean oinarritzen da. Antolakuntza komunistak mugaz gaindikoa izan behar du nahitaez, herrialde ezberdinetako eta gure artean oso egoera ezberdinak bizi ditugun proletalgoaren arteko batasun komunista bilatuz. Gaur-gaurkoz, doakiela besarkada anaikor bat Ceutako mugetan harrapaturik dauden guztiei, bai eta bizi hobe baten bila han-hemenka dabiltzan proletarioei ere.