AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Egunero dugu emakumeren baten aurkako erasoaren berri; komunikabideetan ohiko notizia da indarkeria-salaketarena eta tratu-txarrak direla medio inor atxilotu dutela entzutera ere ohituak gaude. Bada, azken boladan handia ari da izaten halako ezbeharren kopurua: bortxaketak, mehatxuak, sexu esplotazio, pornografia ilegala eta abar luze bat. Etenik gabea irudi duen zorigaitz honi krisialdiak dakarren babesgabetasun egoera gehitu behar zaio tamalez, izan ere, miseria gorriak eta zerbitzu publikoen dekadentziak (finantzazio ezak) aipatu erasoak nabarmen areagotu ditzakete. Emakume proletarioen bizimodua bereziki larria eta gordina izan liteke krisialdi garaiotan.

Krisialdiak, orohar, lan-indarra debaluatu du, ondorioz emakume askok, autonomia ekonomiko falta dela-eta, lotura ekonomiko eta dependentzia harreman arriskutsuez diraute; bizirauteko nahitaezkoak diren baliabide ekonomikok ukan-ez eta euren autonomia ekonomikorik eza beste norbaitekiko (pertsona edo instituzioarekiko) subordinazio pertsonala bihurtzen baita sarritan. Dependentzia ekonomikotik sumisiora, beraz: senarraren krudelkeria jasan behar du askok, laguntza-instituzio burgesen utzikeria beste horrenbestek, esplotazio sexuala eta mafien esklabutza batzuek… Hala, ideologia matxista betikotzen du kapitalaren joera historiko-kulturalak, are burgesiaren klase zapalkuntzak indarguneak aurki ditzakeenean emakume proletarioek jasan ohi duten biolentzian. Langileriak, halaxe, biolentzia molde hauen aurkako oposizio argi eta konprometitua garatu ezean inolako oztoporik gabe zabaldu eta egonkortzen diren jokamolde miserableak bere egiten ditu.

Itaiak aste honetan argi azaldu du bere asmoa; gauzak horrela, emakume proletarioek jasan ditzaketen erasoei eraginkortasunez erantzun nahi die, autonomia ekonomikorik ezak eragiten dituen dependentzia harremanak eta hauei propioak zaizkien subjektu biolentoak seinalatuz, alde batetik, eta emakumeak testuinguru biolento horietatik aldentzeko politikak aurrera eramanez bestalde. Hori dela-eta pasa den ostiralean mobilizazioak deitu zituen Euskal Herriko herri eta hiriburu ezberdinetan, oihartzun gutxi izan duten zenbait gertakari larri salatu asmoz. Berriz ere, jaio berri den Emakumeon Antolakunde Sozialistak haren indar eta gaitasun militanteak erakutsiz konpromezu politiko eta antolakuntzara dei egin digu.