AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

(Itzulpena)

Garai zaila da bizi dugun hau, eta hasi besterik ez da egin. Berandu baina lehen izan litekeen horren ideia lauso bat emanez, jada nabari dugu kapitalaren metaketa krisia zenbait modutan. Bere jatorria, hainbeste efektu ezberdinen (ekonomikoena, kulturalena, politikoena…) kausa, kapitalak proletariotzaren lan indarra modu eraginkorrean esplotatzeko dituen muga historikoetan (orokorrean) datza. Hau da, kapital metaketa prozesu berri bat modu errentagarrian birabiarazteko nahikoa plusbalio ateratzeko ezintasunean. Krisiaren motibo nagusia ekoizpen alorreko gertaereri dagokion arren, kapitalaren baliotze zailtasunak proletariotzak jasaten dituen ondorioen arabera kontsideratu daitezke; hala, ekonomialari burgesen hertsikeria mentaletik eta hitzontzikeria ekonomikotik aldendu eta moralitatera eta eguneroko klase borrokara gerturatuz.

Horrela kontsideratu ezkero ez litzateke auzia zabartuko edo sinplifikatuko, merezi duen hedaduran tratatu baizik. Krisia maila teorikoan kategoria ekonomikoen bitartez adierazten den arren, ez da fenomeno ekonomiko soil bat; aitzitik, esan dezakegu krisia, edo metaketa krisi garaia, klase borrokaren momentu sutsuena dela. (Hala eta guztiz ere, intentsitate hau ez da beti proletariotza eta burgesiaren arteko aurkaritza politiko zuzen modura gertatzen). Orain eta hemen eztabaidatzen da, indarrean dagoen lan indarraren esplotaziorako ereduak eraginkor izateari uzten dion momentu berean, dominazio burgesaren printzipioen berrantolaketa. Krisiak, beraz, garai berri bati ematen dio ongietorria, burgesiak, bere gailentasuna eta gobernua tinkatzeko helburuarekin, langile klasearen kontra abiarazten duen ofentsiba orokortuaren garaiari, hain zuzen. Era berean, burgesei aurre egin dakieken garai bat dugu hau, zeinetan proletariotza Alderdi Komunistaren baitan antolatu daitekeen eta ez soldatapeko lanaren ordenaren arabera.

Aipatu egoeraren larritasuna bi joera orokorretan identifikatu daiteke: batetik, lan indar merkantziaren debaluazio jarraikorra (soldata zuzenarena) eta gizarte-prestazio publikoen murriztea, baita aukera finantzari pribatuena ere, langile klaseak bere soldata orokorra osatzeko erabiltzen dituenak. Eta, bestetik, mendebaldeko estatuetan hamarkadetan zehar nagusi izan diren printzipio demokratiko burgesak zalantzan jartzeko, zein askatasun politiko eta sozialak estatu-eredu horietatik ezabatzeko joera. Hitz batez: langile klasearen proletarizazio eta pobretze orokorturako joera bat eta totalitarismorako beste bat. Ongizate Estatuen behin betiko amaiera iragartzen duten bi tendentzia. Eta, aldi berean, egungo egoera larriagotzeko aukera; sobera zorigaiztokoa dena, dagoeneko.

Ikusi dezakegu, adibidez, gas kutsakorren isurketan joera beherakorra duten herrialdeek (egun ehun industrial nazional propioa ez duten herrialdeak izaki) kontsumo eredu murriztaile bat proposatzen dute CO2 emisioak gutxitzeko. Hala, politika fiskal eta finantzarien ondorioz ere langile klasearen eros-gaitasuna txikituko den krisi testuinguruan, beren biztanleak ideologikoki eta kulturalki prestatzen dituzte, soldataren murrizte erreala neurri ekologiko bat bezala justifikatu ahal izateko. Honen beste adibide bat dugu Covid-agiriaren ezarpena. Zenbait tokitan aplikatu ez den arren (EAEn gaur gertatu den bezala. Nafarroan baliteke oniritzia ematea eta Iparraldean aspalditik dago indarrean), honen larritasuna ia alderdi bakar bat ere agiriaren kontra agertu ez izanean datza, eta maila publikoan zentzugabetzat hartzen dena agiriaren beharrezkotasuna edo baliozkotasun juridikoa zalantzan jartzea izatea, eta ez hausnartu gabeko onartzea. Proposamen honek izan duen onarpen orokorrak, Zuzenbide Estatu burgesaren oinarrizko askatasunen aurkaritzan dagoenak, argi eta garbi adierazten du zeinen erraz areagotu daitekeen politikoki (adibidez, izaera gogor eta zuzenago bat izatea) burgesiaren diktadura ekonomikoa.

Baliteke ez jakitea krisi hau behin betikoa den edo iragankorra, edota kapitala gai izango den langabetutako proletariotzaren masa zabalak berriro ere soldatapeko lanaren forma sozialpean xurgatzeko eta luzaroan irauteko. Hala eta guztiz ere, argi daukaguna zera da, proletariotzak masen Alderdi Komunista bat eraikitzeko duen urgentzia. Uste duguna baina askoz gehiago dago eta jokoan.