Pasa den ostegunean, abenduak 24, Kontseilu Sozialista Iruñerria antolakundearen berri izan genuen; geroztik badira beste zenbait Kontseilu Sozialista eurena aurkeztu dutenak. Aipatu Kontseiluek proletariotzaren antolaketa-politiko legez aurkeztu dute euren burua eta, krisialdi garaiotan, langile belaunaldi ezberdinak printzipio-iraultzaile komunisten arabera antolatzeko borondate irmoa adierazi dute. Euskal Estatu Sozialista helburu estrategikotzat harturik, bizi dugun testuinguru zehatz honi propioak zaizkion erronka politikoei ere egin diete jaramon. Izan ere, Iruñerriako bozeramaileen hitzetan langileriaren sektore zabal batek momentu latzak bizi ditu, haren ezgaitasun ekonomiko eta ahulezia politikoan azaleratzen direnak; hori dela-eta, eta «proletalgoaren gaitasun politikoak antolatzeko eta areagotzeko» asmoz, langileriaren independentzia politikoari berebiziko garrantzia eman zioten eta, aldi berean, Sozialismoaren ahala aldarrikatu ere.
Judizio sakon eta zabalago batek, zintzoa izan zedin, gehiago itxaron behar luke. Honezkero, hala ere, bada Kontseilu Sozialisten harira beste ezer esaterik. Bistakoa da, duela zenbait urte Euskal Herrian behintzat, konpromezu politikoz jokatzen duten langile belaunaldi gazteen eta printzipio komunisten arteko lotura; alabaina askoren aburuz politikagintza errealetik aldenduak bizi diren zenbait gazteren melankolia zirudien horrek kontutan izan beharreko lurralde hedapen eta dimentsio organizatiboak hartu ditu. Esanguratsuena zera da: ez soilik militante kopurua, gero eta handiagoa dena, baizik-eta belaunaldi ezberdinek iraultza-programa sozialista eurena egin eta harekin konprometitu izana. Kontseilu Sozialistak, besteak beste, honen seinale dira. Horrez gain, militantzia esparru ezberdinetan egonkortzea lortu du hautu sozialistak, mendeetako tradizio iraultzailearekin hartu-eman zuzena ezarri duelarik langileriak: sozialismoa, bada, bizirik da gurean, abiadan aldekoak batzen doan programa politiko iraultzaile legez.
Aurreikusi litekeen modura antolakunde zein eragile erreformista ezberdinek garrantzia ken diezaiokete Kontseilu Sozialisten agerpenari, baita okerreko erabaki eta hanka-sartze iritzi ere. Aitzitik, isilik behar lukete. Eta ezinezkoa irudi duen kasurik positiboenean hauen agerpena ontzat jo beharko zuten, euren politikagintza instituzionalizatu eta parlamentarista ezer egiteko gai ez den eremu horretan lan egingo baitute Kontseiluek. Erreformismoaren baldintzapen burgesa, ordea, trinkoegia da horrelakorik gerta dadin. Seguruenean haien ahalmena ahuldu lezakeen proletariotzaren antolaketa eredu berri hauei ere eraso egingo diete, Kontseilu Sozialisten premia berretsiz. Komuniston hitza indartuz.