AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

EH Bilduk ontzat jo ditu Espainiako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak, eta askok, hau harriduraz hartu du. Baina harrigarriena zera da: espainiar komunikabideen hitzetan sinesgaitza dirudien honek, Ezker Abertzale Ofizialaren oinarri sozialak eragozpenik gabe bere egin izana. Hau guztia dela-eta, soilik gera zitekeen zur eta lur EAOren parte ez den hori, EAOren bozeramaileei Madrilera 78ko erregimenarekin bukatzera doazela edo antzekoak aditu ondoren. Eta azken aste hauetan, alarma egoeraren kudeaketa ekonomikoa salatu asmoz eta zerbitzu publikoen aldeko aldarriak eginez, zenbait mobilizazio ere antolatu ditu EAOk, subjektu politiko legez zertan ari den argi uzten digularik.

Nola liteke EAOk kaleetan gobernuaren erabakiekiko oposizioa adierazi eta parlamentuan erabakiok babestea? Bada, ekiteko bi modu horiek programa politiko beraren parte dira eta halaxe iruditu arren, ekinbide horien artean ez dago kontraesanik; eskutik doaz. Izan ere: 1) protesta edo antzeko mobilizazioekin, nolabaiteko oihartzun mediatikoa lortu nahian egiten dituztenak, haren izaera politiko erreala zuritzen du EAOk; eta 2) noizbehinkako mobilizazio horien aitzakia pean subjektu-iraultzaile izendatzen du haren burua eta, ondorioz, bere politikagintza erreformista eta kolaborazionista agerian utz zezakeen egiazko subjektu-iraultzaile baten agerpenari legitimitatea kentzen dio, honen balizko agerpena bera eragozten duen hein berean. Komunistak utopikoak eta eurek «errealistak» direla esango dute EAOko kideek, eta politikak aukera errealetan oinarritu behar duela gogorarazi nahiko digute gainera. Baina benetan zera ari da gertatzen: kaleetan egiten dituzten espektakuluek EAOk haren iraganarekin duen lotura bakarra identitarioa dela adierazten dute; eta, bai, espektakulu horien premia handia du EAOk, horiengatik ez balitz, egiten duen hori den bezala aitortu beharko luke-eta. Akabo orduan iraultzaileen aurkako argudio sinpleak, akabo itxura anitzak eta ispilu jokoak.

Baliabide dekadentea hala ere; luze irauten badu, tamalgarria litzateke. Oro har, EH Bilduk espainiar gobernuko aurrekontuei bere oniritzia eman dion ezkero, ondorengo hau baieztatu genezake:

- Ezker Abertzaleari berari propioa zitzaion gatazkaren integrazio estatala bultzatu besterik ez du egin Sortu alderdiak.

- Larrialdi eta krisialdi testuinguru honetan espainiar gobernuarekin bat egin eta ordena soziala lehenetsi duenez, EAOk jarrera kontra-iraultzaile argia adierazi du; EH Bildu dela medio funtzio estatal legez instituzionalizatua azaldu den jarrera.