Gazte Koordinadora Sozialistak larunbatean egin zituen mobilizazioetan milaka gazte batu ziren, bai Bilbon eta bai Iruñean. Petardo hots eta oihu artean, borrokarako prestutasuna igar ziezaiekeen bertaratutakoei; prestutasuna eta baita gogoa ere, hainbeste gutxietsi izan den hautua muturreraino eramateko borondatea baitzen nagusi bi hiriburuetako kaleetan. Eta, heldu orduko, gaua bengalen gorriaz argitu zuten gazteek. Ezinbestean, Manifestu Komunistako lehen lerroen zantzua izan zuen egunak.
Manifestazio arrakastatsuak izan ziren, 7.000 inguru baikara hiriburuetan batutakoak (4.500 gutxi gorabehera Bilbon eta 2.500 Iruñean). Eta zifra bera garrantzitsua da. Nahiz eta manifestazioak baloratzerakoan soilik elkartutako pertsona kopuruari erreparatzen diona oker ibili, militanteok mobilizazioen alderdi kuantitatiboa azpimarratzeko betebeharra dugu. Zifran datzalako, hein batean, esanguratsuena. Izan ere, azken hamarkadetan gutxitan ikusi izan da Europan halako jendetzarik komunismoaren banderapean.
Bada: alde batetik, 7.000 pertsona kaleetan «gora iraultza sozialista» oihukatzen ez dira hutsaren hurrena; eta, bestetik, halako mobilizazio gaitasuna duen antolakundea ezin daiteke «grupuskulotzat» jo; eta ezin zaio esan desertu bat bizi duenik, bere profeta, espejismo eta bakardadearekin. Denbora motzean sekulako indarra hartu duen mugimenduaz ari gara, zeinak Euskal Herriko gauzen egoera politikoa eraldatzeko ahala erakutsi baitu. Sortu zenez geroztik, esaterako, eztabaida publikoei ez die bizkarrik eman Mugimendu Sozialistak eta, apurka-apurka, errotik baldintzatu ahal izan ditu egun mahai gainean diren eztabaida politiko asko. Eztabaida-terminoak sarritan berak inposatu dituelarik, arrazoiketen indarrez.
Baina paradigma teoriko eta ideologikoak berrizteaz gain, auzi praktikoetan ere eragin handia izan du Mugimendu Sozialistak. Antolakuntza eredu berriak asmatzen ari da, eta aspaldiko batzuk egungo testuingurura ekartzen (Kontseilu Sozialistak, adibidez). Bere komunikabide propioak sortu ditu, eta baliabide logistiko asko eskuratu du (Zentro Sozialistak eta abar). Hala ere, garrantzitsuena honakoa da: printzipio etiko eta politikoetan oinarritutako lan-diziplina militantea, zeinak ez duen diruarekin, interes pertsonalekin, ez eta apolitikoa den ezein motiborekin zerikusirik. Soldatapeko lana baino indartsuagoa izan daitekeen ekoizpen harreman ereduaz ari gara, alegia, gaurdanik garatzen eta hobetzen ahaleginduko garena zeregin militanteen bidetik.
Halatan, manifestazioen arrakasta zifretan badatza, hori aurreko hilabetean egindako kanpaina arrakastatsuari zor zaio, eta delako kanpainaren arrakasta, berriz, aipatu lan-diziplina militanteari. Azkeneko hori da, gure iritzirako, Mugimendu Sozialistaren indargune handiena, proletariotzaren autonomia, konpromiso eta borondatea bihurtzen baititu iraultza sozialistaren aldagai nagusiak.
Izan bedi, beraz, orain arte egindakoa, borrokan jarraitu eta mundu osora hedatzeko eredu.