Askotarikoak dira Euskal Herrian testuinguru politiko berria sortzear dela aditzera ematen duten ebidentziak. Duela gutxira arte bazterrekoa eta gutxi batzuena zirudien horrek, indarra hartu du. Halatan Mugimendu Sozialista, baten batek interes alderdikoiengatik onartuko ez badu ere, nabarmen zabaldu eta egonkortu da azken kurtso honetan. Eta bere hazkundea are harrigarriagoa da, tentuz pentsatu eta ospatzekoa, dakarren ibilbide motza kontuan hartuta; era berean, Euskal Herriko testuinguru politiko erreakzionario honetan Mugimendu Sozialistari jarri zaizkion oztopoak ere presente izan behar ditugu, mugimenduaren beraren kohesio eta konpromezua norainokoak diren ondo uler ditzagun.
Jarrera dogmatikoak leporatu izan dizkiote Mugimendu Sozialistari, ez duelako burgesiaren diktadurarekin inolako kontsentsurik onartzen. Eta bere tesi politiko/estrategikoengatik egin izan badiote ere, halaxe ulertu beharra dago, nahi eta nahi ez, dogmatismo akusazioa: erreakzionarioen akusazio politiko modura. Mugimendu Sozialista kritikoa baita; ikerketa eta eztabaida sustatzen ditu eta, doxa ez, ezagutza lehenesten du, kontzeptu garbiek osatzen dutelarik bere programa politikoa. Mugimendu Sozialista dogmatikotzat jotzen duen horrek, beraz, programa politiko komunista gaitzesten du, ez mugimenduaren jokabide edo kontzientzia-praktikoa. Inoiz kritiko berdinek honako akusazioa ere egin izan diote Mugimendu Sozialistari: sektarismoarena. Horien aburuz mugimendua (edo honen parte den edozein antolakunde eta eragile) ez da plurala, ezta inklusiboa era; baina azken batean, kritikoek edonola argudiatu arren, Mugimendu Sozialista «sektarioa» da ez duelako langile-aristokraziaren programa erreformistarekin bat egiten, hau da, ez dituelako programa horren minimoak onartzen eta ez doalako alderdi erreformisten eskutik. Sektarioa hortaz ez duelako erreformistekin hartu-eman zuzenik. Alabaina, komunistak sektario izendatzea zentzugabea da: komunismoa opresio forma guztiei erantzun politikoa eman nahi dien programa unibertsala da; soilik egon litezke bere unibertsaltasun asmotik kanpo, unean une komunismoaren aurka lerrokatu eta zuzenean borrokatzen dutenak.
Mugimendu Sozialista dogmatikoa eta sektarioa balitz, ez zen zailtasun guztien gainetik abiada bizian hedatuko. Gaurdaino izan duen hedapena, gainera, borroka esparru, generazio, subjektibitate eta lan eremu ezberdinetan jazo da; bere garapena, honenbestez, anitza da, bai antolakundeen izaerari dagokionez, bai eta militanteei dagokienagatik. Horren adibide da larunbatean Itaiak Urretxu-Zumarragan antolatuko jardunaldi arrakastatsua; izan ere, jendetza bertaratu zen genero zapalkuntzari komunismotik nola egin dakiokeen aurre eztabaidatzeko, eta, halaxe, agerian utzi zuten programa politiko komunistak baduela jendea eta kezka ezberdinak batzeko ahala. Bada, Mugimendu Sozialistak ezer argi badu honakoa da: komunismoak ez du problematikarik alde batera uzten, komunismoa opresio aniztasunari aurre egiteko modu definitu bat da. Eta haren gaurkotasuna, eragiteko gaitasun erreala eta zentzuna mahaigaineratzen ari da Euskal Herrian.