Komunikabideek argitara emandako datuen arabera, Covid-s19aren transmisioa azkartu eta egoerak okerrera egin du azken asteotan. Oraingoan ere, osasun bermeak eta gizarte-segurtasun orokorra ekoizpen eredu kapitalistaren premia ekonomikoen kontra azaldu dira; hau da, une honetan dinamika ekonomikoak ez du gure ongizatea bermatzerik. Ekoizpena ezin baita gelditu, gobernuek langileriaren askatasun zibila mugatzeari ekin diote berriz, eta, zentzurik ez duten edonolako neurriak hartuz (EAE-n, adibidez, gehienez sei kide elkartu daitezke aurrerantzean), langileriaren ahal politikoa ere errotik egin dute baldintzatu. Zenbait askatasun-zibil bertan behera utzi orduko, bada, hiritarren gaineko kontrola areagotu besterik ez da egiten, etxean zein kalean egin dezakegun hori pobreago bihurtzen delarik. Ondorioz, tamalgarria izan liteke oso proletariotzaren antolaketa-, erresistentzia- eta iraultza-bideek, eta noski, militante komunistek, testuinguru honetan bizi dezaketen jazarpena. Askatasun zibilak etetean politika-iraultzailea bera zigortzen da-eta. Kontrolak zigorra dakar berarekin, eta zigorrak autoritarismoa: gobernuen esku-hartze honetan, osasun izpirik ez.
Soldatapeko-lanaren erregimena eta pandemiaren aurkako gizarte-neurriak ez datoz bat; alabaina, osasuna ez denez biziraupen soila, proletariook ez dugu segurtasunaren gorazarre burges eta dekadente hau gure egiterik. Zentzuz jokatu daiteke, errespetuz eta segurtasun-neurriak bermatuz, baina arrisku-ezak ez du zertan ongizate edo kalitatezko bizi-ereduaren seinale izan. Zeharo ezberdinak lirateke gizarte komunistaren segurtasun-neurriak, baita osasunaren ulerkera kulturala ere. Hala ere, pandemia hasi eta burgesiak geroztik indarrean ipini dituen neurriek ez dute arrisku-eza eragin, klase-subordinazio arrisku erreala baizik. Gaur-gaurkoz haren ekoizpen-egiturak bizi duen egoera tamalgarri eta kritikoan, ezin hobeto datorkiona.
Arbuiagarria zera da: klase-zapalkuntzaren poderioz langileriak izan dezakeen arrisku-soziala edo ongizate-eza (lan-istripuak, bizirauteko zailtasun ekonomikoak edo askatasun-zibil mugatua, esate baterako). Klase-bereizketarik gabeko gizarte batean, komunismoan alegia, segurtasunaren eta askatasun-zibilaren arteko harremana ezberdina izango da zeharo. Merezi duen bizimodu horrek ez dio soilik osasun biologikoari erreparatuko-eta, askatasunak arrisku andana hartu beharko du bere kargu.
«Askatasun eza pobrezia da eta pobrezia askatasun eza» aforismoarekin iritzi dio Gazte Koordinadora Sozialistak hemen esandakoari. Halaber, pobrezia ez baita termino absolututan neurtzen, ekoizpen eredu kapitalistak langileriari inposatutako pobrezia, askatasunik eza bera, salatzen duen hori, kritika politikoa da. Esan nahi baitu: aberastasun-sozial orokorrari dagokionez, burgesiak gehiengoaren jabetza du eta langileriak haren ehuneko txiki bat besterik ez; horrez gain (eta hori dela-eta), burgesek erabakimen gaitasun handia dute (politiko, ekonomiko eta soziala) eta langileriak, aldiz, erreakzio gaitasun minimoa (bere burua politikoki antolatu ezean ez dena areagotzen). Programa komunistak, hala ere, «pobrezia-askatasunik eza» dependentzia sozialaren klase-egituraketa deusezta dezakeen artean, ez du haren kontrako sinplea helburu; hau da, gizarte komunista eta «oparotasun orokor eta askatasun-indibidual mugagabea» ez da gauza bera. Komunismoak gu guztion politika-askatasuna du borrokatzen eta hori posible izan dadin baliteke aberastasun-sozial orokorra uneren batean murriztu behar izatea, edo bizitzea bera arriskutsua bilakatzea. Komunismoak ez gaitu aberats egingo (pobreziaren egoera politikoa gaindituta ez da aberatsik izango eta), baina aske bai. Eta askatasuna zaila eta konplexua izan liteke, baita arriskutsua ere. Erosotasuna, bizi lasai eta segurua, etxebizitza ederra… Horiek Bigarren Mundu Guda osteko ekonomia-oparotasunak sortutako langile-aristokraziak zituen amesten, askatasun nahia galdu zuten horiek hain zuzen ere. Krisi eta pandemia garaiotan ez dute lekurik; horrenbestez, politika-askatasunaren defentsari ekin diezaiogun berriz proletariook, komunismoaren bidetik.