AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Kataluniako hauteskundeetako datu garrantzitsuena: bozka-eskubidea duen biztanleriaren % 53,55ek bozkatu du. 2017ko hauteskundeetan, ordea, % 79,09koa izan zen parte-hartzea. Analisi politiko orok datu horri tentuz erreparatu beharko dio, izan ere, zera ematen du aditzera: Kataluniako biztanleriaren % 50ek  baino gehiagok ez diete inolako babesik adierazi hauteskundetara aurkeztu diren alderdi politikoei, eta ez die ordezkaritzarik aitortu. Kataluniak 7,566 milioi biztanle ditu gutxi gorabehera eta, INEk atzoko hauteskundeen harira egindako ikerketa batean, 5.553.983 biztanlek bozka zezaketela argitaratu zuen (5.329.139k Kataluniatik bertatik eta 224.844k atzerritik); bada, komunikabideek bart eskainitako datu ofizialen arabera, soilik hautesle-erroldaren % 53,55ek eman dute botoa, 2.746.747 hauteslek, alegia: 7,566 milioi biztanletik 2,746k  hartu dute parte hauteskundeetan. Boto horien guztien ordezkaritza, bestalde, anitza da, zortzi alderdik osatuko baitute, aurrerantzean, Parlamenta: PSCk 33 jarleku lortu ditu (651.027. bozka); ERCk beste 33 (602.658 bozka); JxCk 32 (567.421. bozka); VOXek 11 (217.371 bozka); CUPek bederatzi (188.830 bozka); ECP/PECek zortzi (194.111 bozka); CSek sei (157.529 bozka) eta PPk hiru (108.841 bozka). 

Datu horiek guztiak presente izatea komeni da, ez dezagun okerreko ondoriorik atera. Kasu adibidea: jarlekuen arabera, CUPek emaitza hobeak lortu dituela esan liteke, 2017an lau jarleku lortu baitzituen eta atzo bederatzi; alabaina, boto gutxiago lortu du oraingo honetan: 2017an 195.246 bozka eta, atzo, 188.830. Ez ditugu, bestalde, VOXek lortutako emaitzak gutxietsi nahi, faxisten mehatxua presente baitago (baita VOX alderdiaz harago ere).

Azaleko irakurketa honetan ez gara, hala ere, parlamentuaren osaeraz eta izaeraz arituko. Esan bezala, osotasun demografikoa alderdi bakoitzak lortu duen boto kopuruarekin alderatuz gero, parlamentarismo burgesaren zilegitasun eza edo politikagintza burgesak bere estatu-egitura legitimatzen jarraitzeko duen zailtasun orokorra erraz antzeman dezakegu: hauteskunde hauetan alderdiek gutxiengoak besterik ez dituzte ordezkatu. Abstentzioa hain altua izan da, non ukaezina baita haren klase-esangura politikoa, nahiz eta asko ahaleginduko den, pandemia dela eta ez dela, berau justifikatzen. Hala ere, ez du axola; arrazoia edozein izan daiteke, baina dena delako arrazoi hori hiritarraren konpromiso parlamentarista baino indartsuagoa izan da. Hurrengo egunetan hiri, herri eta auzo ezberdinetan izan den parte-hartzearen datuei egongo gatzaizkie adi, argitu asmoz ea, beste behin, proletalgoa izan den hauteskundeetan gutxien parte hartu duena.