AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Badira hiru egun COP26 konferentzia bukatu zela. Hitzarmenak hitzarmen, partehartzaile denek ez dute elkar ulertzerik izan eta bukaerarako adostutakoak goi-bileran batu zirenen desadostasun oinarrizkoenak azaleratu besterik ez du egin. Besteak beste, industria nagusi den herrialdeen eta hirugarren sektoretik (batik bat) bizi diren horien arteko talkak baldintzatu du gehien konferentzia, zeina amankomunean jarritako helburuetan islatu baiten. Hitzartutako helburu orokorra honakoa da: erregai fosilen erabilera murriztea datorren hamarkadan, eta delako ekimena txalotu dutenak hauexek dira: AEB, Erresuma Batua eta Europar Batasuna. Bai helburuari, bai eta hori sustatu duten herrialdeei erreparatuta, ezin hobeto uler genezake zein premia ekonomiko lehenetsi den COP26 konferentzian eta, ondorioz, zein estaturen interesen arabera egin den Glasgowko kanpaina ideologikoa.

Zenbait partehartzailerenaz gain, hitzarmenaren kontrako ahotsak ere entzun izan dira COP26 konferentziaren oposizioan. Izan ere, adostutakoak ez ditu ekologistak poztu. Glasgowko kaleetan manifestatu zirenen aburuz, helburua ez da nahikoa erradikala arazo klimatiko eta ekologikoei konponbidea emateko. Eta hein batean ados egon gaitezkeen arren, komunistok (argi izanik gobernu burgesek ez dutela ekoizpen eredu kapitalistaren joera ekologiko negatiboa aldatzerik) posizio ekologista ezberdinak kritikatzeko beharra daukagu. Ez dabiltza zuzen eta. Alabaina, kritikak serioa behar du izan, hau da, kritikatuko dugun horren asmoa zintzoa dela kontuan izango duen kritika: ez duena egitasmo ekologista gutxietsiko. Asmo horrekin, labur-labur, gaurkoan bi ideologiaz arituko gara: alde batetik, Global Greens alderdiez eta, bestalde, gazteleraz antidesarrollismo eta decrecionismo izendatzen diren horietaz.

- Global Greens alderdiak edo subjektu politikoaren ulerkera okerra: Global Greens sarea 2001ean sortu zen Australian, «Munduko berdeen ituna» sinatu zuten alderdien eskutik. Lau federaziok osatzen dute gaur egun sarea: Afrikako berdeen sareak, Ameriketako alderdi berdeen federazioak, Asia-Pazifikoko berdeen sareak eta Europako Alderdi Berdeak (azken hori dago hedatuen). Aipatzearren, alderdion printzipioak honakoak dira: jakintza ekologikoa, justizia soziala, demokrazia partehartzailea, indarkeriarik eza, jasangarritasun ekologikoa eta aniztasunarekiko errespetua. Bada, printzipio horiek demokraziaren garapen erradikalaz egikaritzeko asmoa du Global Greens sareak (bai kontsentsu zibil zabalen bidez, bai parte-hartze instituzionalen eskutik). Haren asmoa, hortaz, gobernu egiturak demokratiko bihurtzea da, ondoren gobernuok politika ekologistak babes ditzaten (horretarako da beharrezkoa gizarte zibilaren presioa). Oro har, alderdi berdeen ezgaitasun politikoa erreformista ororen inozokerian datza; hau da, burgesiaren egitura ekonomiko eta politikoak irauli gabe, ekoizpen eredu kapitalista eraldatzea posible dela sinesten dute. Gizarte zibila (desobedientea) eta alderdi legala ahalguztidunak bailiran egiten dute lan, aginte kargu ofizialetara heldu arte. Orduan igarri ohi dute euren borondate demokratiko-ekologista diktadura burgesaren menpekoa dela. 

- Ekoizpen indarren garapenaren aurkariak edo objektibitate historikoaren analisi okerra: bereiz ditzagun lehendabizi antidesarrollistak eta decrecionistak. Antidesarrollista garapenaren ideologiaren aurka daudenei esan diezaiekegu (garapenaren ideologia burgesaren aurkariei zein «ekoizpen indarren garapenaz» marxismoak defendatzen duena ukatzen dutenei). Eta decrecionista, berriz, hazkunde ekonomiko mugagabea ukatzen duten horiei. Nolabait, biek antzematen dute ekoizpen eredu kapitalistaren garapena zeinen negatiboa den (ondo irizten diote industria kapitalistaren izaera suntsitzaileari, bai eta horrek dakarren bizi-eredu zapaltzaileari ere). Baina euren analisiak akats nabarmena du: ekoizpen indarren garapen kapitalista, ekoizpen indarren garapen tekniko eta sozial objektibo bakartzat jotzen dute. Ez dute onartzen ekoizpen indarren bestelako garapen historiko batek ahal ekologista eta askatzailea izan zezakeenik. Komunistontzat, ordea, elkarlotuta daude aberastasun unibertsala eta askatasun politikoa; uste baitugu, gizaki ororen oinarrizko beharrizanak ase ditzakeen egitura ekonomiko oparorik gabe ez dugula aske izaterik. Gosea desagerrarazteko, osasuna eta duintasuna bermatzeko, gizakion potentzia partikular eta sozialak garatzeko (bai fisikoak eta bai intelektualak, bai aisialdirako eta bai gerrarako) eta gobernu sozialista eraginkorra ezartzeko, ezinbestekoa dugu egitura ekonomiko indartsu bat.

Adostutakoak ez ditu ekologistak poztu. Glasgowko kaleetan manifestatu zirenen aburuz, helburua ez da nahikoa erradikala arazo klimatiko eta ekologikoei konponbidea emateko. Eta hein batean ados egon gaitezkeen arren, komunistok posizio ekologista ezberdinak kritikatzeko beharra daukagu.