AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

COP26 konferentzia dela eta, klima aldaketa auzi entzutetsua dugu egunotan. Komunikabideetan, behintzat, ez da izan egunik zeinetan ez zaion klima aldaketaren sintometako baten bati tarteren bat eskaini. Eta horrela izango da aurrerantzean, azaroaren 12ra arte bederen (orduan amaitzekoa da-eta Nazio Batuen Erakundeak antolatutako goi bilera).

Bada, zalaparta horrek guztiak merezitako zabalpena eman dio aldaketa klimatikoaren auziari: ekoizpen eredu kapitalistan, negatiboa baita ekoizpen indarren garapen historikoaren eta ingurumenaren arteko erlazio ekologikoa. Planetaren arnasbideak, baso erraldoiak eta oihan tropikalak soiltzen ari dira eta ozeanoak hiltzen (agian sekula garbitzerik izango ez ditugun plastiko-zuntzek kalteturik), ekosistemen suntsipenak ez du etenik (izan kutsadura industrialaren eraginez edota uranioaren erabilpen militarragatik; besteak beste), eta periferian osasuna eta higienea tamalgarriak dira, besteak beste. Heriotza nagusi da Kapitalaren patologian, zeinari ezin zaion aurre egin aipatu sintomen kausak desagerrarazi gabe. Horregatik aldarrikatu zuten bart, COP26 konferentziaren aurka Glasgowen egindako manifestazio jendetsuan, «sistema aldatzeko» premia dugula, eta, lehen pauso modura, «justizia klimatikoa» eskatu zieten manifestariek bertan batzartutako agintariei.

Plataforma eta mugimendu ekologistei ohikoa zaien anbiguetatea ezin hobeto antzeman dezakegu aldarri horietan. Izan ere, sistema aldaketa nahitaezkotzat jotzen dute, baina, justizia klimatikoa eskatzen dutenez gero, agerikoa da azalekoa dela euren eraldaketa exijentzia. Hau da, ez dutela inolako sistema aldaketarik buruan. Zergatik? Sistema definitzean, gizakien eta naturaren arteko erlazioaz ari direlako, sistema sozial edo ekoizpen eredu jakin baten izaera gizakien arteko harremanetan datzanean: ekoizpen eredu bat edo beste harreman sozialek definitzen dute, eta gizakiek ingurumenari esleitutako funtzio ekonomikoa (gizakiak-natura) bigarren mailako determinazioa da (ekoizpen ereduak berak, gizakiak-gizakiak harremanak alegia, zeharo baldintzatzen duena). Ekoizpen eredu kapitalista zapalkuntzan oinarritutako gizarte eredua denez, ezein justizia aldarrik, ez badu gauzen egoera kapitalista gainditzen, ezin du bere asmoa egikaritu.

Ekologistek, horrez gain, ez diote honako honi erreparatzen: merkatuak eta kapitalen arteko lehiak unean uneko arrakasta bilatzera daramate burgesia eta halaxe, burgesiak lehiakorra izan nahi badu, ezin dio beste ezeri jaramon egin. Orainaldia bizi du burgesak, eta soilik bere egoismoari egiten dio kasu. Etorkizuna, ingurumena, langileak… bost axola zaizkio. Ardura ekologista eta altruistak, oro har, burges gutxi batzuen pribilegioa dira ekoizpen eredu kapitalistan. Beste edonor baino aberatsagoak diren horiena hain zuzen ere: horren direnak aberatsak, ezen euren izena garbitu eta kontzientzia zuritu asmoz dirua xahutu baitezaketen kanpaina ideologikoetan. Gizakien eta ingurumenaren arteko hartu-eman orekatua, beraz, zaila bainoago ezinezkoa irudi du merkatua eta lehia nagusi diren honetan. Alabaina, eta kontraesankorra izan daitekeen arren, honakoa argi izan behar dugu: burgesiak, modu ideologiko eta mediatikoan bada ere, ingurumena zaintzeko konpromisoa har dezake; halaxe, klase zapalkuntza apainduko bailuke. Horrexegatik dira arriskutsuak ikusmira iraultzaile orokor batetik kanpo egindako aldarri ekologistak, azken finean kapitalismo «berde» bat legitimatzen dute eta.

Bakarrik printzipio etiko unibertsaletan oinarritutako ekoizpen eredu batek manten dezake industria ekoizpenaren eta ingurumenaren arteko oreka. Klase zapalkuntzarik gabeko gizarte batek, alegia: komunismoak.