CIAk ere erreparatu omen zien Felipe Gonzalezi eta haren gobernuari GALen jatorria ikertzerako orduan, izan ere, argitara eman berri den artxibo batean zera irakur daiteke: Felipe Gonzalezek espainiar ejertzitoaren kontrolpean zeudekeen mertzenario taldeak sortzeko erabakia hartu zuen, legediaren mugez gaindi ETA borrokatzeko asmoz. Aipatu artxiboa dela-eta zenbait alderdik (tartean EH Bilduk) Felipe Gonzalez bera iker dezaten eskatu du ikerketa-batzorde baten eraketa proposatzearekin batera, aitzitik, gobernuak gaur-gaurkoz ez du halakorik onartu. Pablo Echeniquek, esate baterako, orduan gertatutakoari oso ezaguna iritzi dio eta kaltegarritzat hartu du balizko ikerketa-batzordearen sorrera. Podemosen izaera propiorik eza (gobernu-kide duen alderdiari men besterik ez baitio egiten) honezkero agerikoa izan arren, gertakizun honek esangura handiko beste irakaspen baten berri eman digu: ezein alderdi sozialdemokratak, bere programa gauzatzeko beharrezkotzat jotzen duen funtsezko posizio politikora heltzean (hau da, gobernatzerakoan), ezin dio bere jatorrizko justizia printzipioari eutsi. Alegia: alderdiren baten politika-bide bakarrak estatu-burgesari propioak zaizkionak izanez gero, burgesiaren delitu gehienak zuritzen dituen zuzenbidea bere egingo du alderdi horrek gobernura integratzean. Bada, parlamentarismoak berarekin dakarren ustelkeria-arriskua ez dugu arduragabekeriaz baieztatzen komunistok, termino historikotan heltzen diogu askok itsu-itsuan uko egiten dion ebidentzia horri.
Horren da latza gobernura heldu eta ezberdin jokatuko dutela esan ondoren (tamalez) barregarri geratu diren sozialdemokraten legatua, ezen sozialdemokraten hitza mesfidantzaz hartu behar lukeen proletariotzak. Eta orain, uztailaren 12ko hauteskundeak direla-eta, nor ari da zintzotasunez? EH Bildu izango ote da salbuespena? Historia, behintzat, aurka dauka. Programa-politiko iraultzaile batek ez lioke, oro har, hauteskundeetan parte-hartzeari zertan uko egin, alabaina, zintzoa den hori soilik izan liteke parte-hartze eraginkorra. Hau da, parlamentarismoaren mugak onartu eta bestelako bideetatik iraultzaren antolaketari ekiten dion hori. Zintzotasuna (egia printzipio iraultzaile legez) eta estrategia indartsua (boterearen konkista helburu): halakorik argi eta garbi adierazi ezean ez da langileriaren interesak ordezka ditzakeen alderdirik; eta gurean, orain, nork esango luke badela horrelakorik... Komunistok, beraz, ez diogu politikagintza instituzionalari bizkarrik eman, behinik behin, hautatu daitezkeen alderdien ezeztapena lehenetsi dugu. Nolabait, kongresuan hitzontzikeria hutsean dabiltzan horien kontraesanak azalera ekarri ohi ditu egiazko edozein arazok (adibidez, justizia betebeharrak) eta, era berean, alderdien hipokresia eta euren arteko nahitaezko hartu-emanak agerian uzten ditu. Hori da, hain zuzen ere, aste honetan GAL, PSOE, Felipe Gonzalez eta Podemosen arteko aferarekin gertatu dena; berriz ere sozialdemokrazia modernoaren eta ordena-sozial burgesaren arteko koherentziak gain hartu die hauteskunde-kanpainen esloganei.