Jakina da pasa den asteburuan, Gazte Koordinadora Sozialistak Berriozarren estrategia komunistaren inguruan hitz egiteko mila lagunetik gora biltzen zituen bitartean, Andoni Ortuzar GKS kritikatzen ibili zela. Ortuzar besteei burgesa eta populista izatea leporatzen ibiltzearen surrealismotik haratago, jardunaldietan bertan adierazi zen moduan, gaur egun nahiko orokortuak dira jeltzaleak programa komunistaren ospea zikintzeko erabili zituen aurreiritzi asko.
Komunismoa askatasunaren aurkako eta eskasiak menderatutako gizarte moduan irudikatzea ez da benetan EAJ edo alderdi kontserbadoreen esklusiboa den zerbait. Ezkertiar izendatzen diren indar politikoen gehiengoak horrexegatik mantentzen dute sozialismoa inoiz iritsiko ez den urrutiko «helburu estrategiko» moduan. Sozialismoan –eta batez ere sozialismoaren aldeko borrokan– orain baino okerrago biziko diren susmoa daukate eta beren langile aristokrazia posizioa babestuko duen alderdi eta ohiko sindikatu bat nahi dute. Horrela, iraultzaren aldarri folkloriko hori mantenduz itxura borrokalariagoa lortzen dute, eta bitartean, lasai egin dezakete politika parlamentuan zein sindikatuetako bulego erosoetan Ongizate Estatuaz geratzen diren apurrak euren artean banatzeko. Komunikabide nagusien zein alderdi erreformisten beraien desitxuratze horrek guztiak eraman gaitu, gaur egun komunismoaz hitz egitean, gastu publikoa handitzea soilik eskatzen duen Podemosen moduko alderdi sozialdemokrata keynesiar bat burura etortzera. Horregatik da hil ala bizikoa komunistontzat, geure proiektuaren izena denek abandonatu eta nahieran erabiltzen duten une honetan, nahasmen eta aurreiritzi horiei aurre egitea.
GKSren jardunaldiek, hain zuzen ere, aurreiritzi antikomunistak gezurtatu dituzte. Militantzia komunistaz zabaldua dagoen karikatura obrerista eta ekonomizista horren aurka, larunbatean klase ertaina, artea edo joera kultural emergenteak izan ziren hizpide. Egoera konplexutasunez aztertzen dugu, alegia, eta horretarako, tentuz eta seriotasunez ikertzen dugu agertzen den elementu berri bakoitza. Hori ez dugu jakite hutsagatik egiten, geure jardun politikoa eraginkorra izateko ezinbestekoa zaigulako baizik; nola egingo dugu politika joera kultural berriak eta beren funtzioak ezagutu barik edo klase ertainaren fenomenoa kontuan izan gabe? Komunistok ez gara iragan folkloriko baten nostalgikoak; kontrara, gaur eta hemen jendearen bizitzak benetan hobetzeko borroka nekaezinean dihardugu.
Guk ez dugu, aipatutako «ezkertiar» horiek bezala, komunismoa apaingarri moduan zokoratzen. Izan ere, sozialismoaren eraikuntza gaurdanik abiatzen da, eta azken helburuak ezin dira bertara iristeko prozesutik banatu. Guk argi eta garbi diogu: talde txiki batek –oligarkiak, bankariek eta enpresari handiek– kontrolpean duen aberastasun erraldoi hori denon eskura jarri nahi dugu, pobrezia eta sufrimendu ikaragarri honekin amaitzeko. Bidegabekeria iruditzen zaigu gizadiak inoiz baino gaitasun produktibo handiagoak dituen une honetan ekoizten den aberastasuna inoiz baino polarizatuago egotea. Ongizate guztia pilatzen dituzten esku gutxi horiek eragiten dituzte beren boterea mantentzeko, hain zuzen ere, era guztietako zapalkuntza eta bortizkeriak. Aberastasunaren berreskurapen horretarako hura sortu duen klase sozialak, proletalgoak, boterea eskuratu behar du. Horrela soilik izango du gehiengoak demokrazia, estatu sozialistan, alegia. Ez dugu ezer ezkutatzeko, ez dugu anbiguotasunik behar geure benetako izaera disimulatzeko. Komunismoak beti bezain aktuala izaten jarraitzen du, eta komunistok ere hala izan behar dugu; horra hor geure indarraren jatorria.