AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Egun euritsua izan zen pasa den osteguna. Hala ere, jendetza gerturatu zen Itaiak antolatutako manifestazioetara. «Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa eraiki» lelopean, 2.000 pertsonatik gora batu ziren Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko kaleetan; mezu argiarekin: 1) ekoizpen eredu kapitalistan ezin daiteke indarkeria matxista ekidin; eta 2) estatu burgesek ezin dituzte indarkeria matxistaren biktimak babestu. Burgesiak ez duelako, beraz, indarkeria matxistari aurre egiterik, aldarrikatu zuten sozialismoaren eraikuntza Itaiako kideek. Bikoitza da, baina, aldarrikapen horren zentzua: alde batetik, sozialismoa menderakuntza forma ororen desagerpen modura, hau da, indarkeria matxistaren egiturazko kausa kapitalistak indargabetuko dituen garai historiko modura; eta, bestalde, sozialismoaren programa politikoarena, gaurdanik gauzatzen hasi daitekeen horrena, alegia (hori dela-eta «sozialismoa eraiki»).

Indarkeria matxistak dimentsio ezberdinak baditu (egiturazko kausak zein adierazpen zuzen latzenak), sozialismoa, Itaiako kideen aburuz, arazoaren soluzio integrala da. Hautu politiko bat, zeinak indarkeria matxistaren kausa eta efektuak, auzi politiko eta kulturalak, sinbolismo egiturazkoa eta ukabilkadak, bai eta auzi etiko eta militanteak, den-denak, bere gain hartzen baititu. Argi utzi nahi izan zuten, halatan, sozialismoak ez duela indarkeria matxistarekin zerikusirik duen inolako «errealitaterik» aldera uzten; askotan egotzi izan zaio-eta sozialismoari, soilik helburu orokor eta abstraktu bati aitortzen diola garrantzia politikoa (bestelako auziez arduratzen ez delarik). Komunistok, ordea, ez diogu, itsuturik, arazoaren alde bakar bati erreparatzen; aitzitik, arazo partzialetan esku hartzea auzi orokorra (indarkeria matxistarena, kasu) konpontzeko bidea dela baieztatzen duten ideologien mugak seinalatzen ditugu. Guretzat, bada, borroka partzialen zentzua Proletariotzaren Diktaduraren zentzu bera da. Izan ere, antolakuntza politiko indartsurik gabe ezein konponbidek ez du denboran iraungo; Proletariotzaren Diktadura, berriz, baliabide politiko eta ekonomiko unibertsalen sozializazioan datza, zeinak denon askatasuna eta berdintasuna bermatuko baititu zapalkuntza guztiak borrokatzeko. Bai eta zapalkuntza oro borrokatzeko askatasun eta berdintasun bera ere.