Arrakastatsuak izan ziren oso Itaiak, Emakumeon Antolakunde Sozialistak, azaroak 25 zela-eta antolatutako mobilizazioak. Bada, pasa den asteazkenean jende lepo gerturatu zen aipatu antolakundearen deialditara, «indarkeria matxistaren aurka gaitasun sozialistak antolatu» lema pean milaka pertsona mobilizatu zelarik Euskal Herriko hiriburu eta herri ezberdinetan. Oraingoz Itaiak ibilbide labur baina oparoa duela irudi du.
Ikerketa teoriko eta lanketa ideologikoan gogor tematu ostean haren antolakuntza-eraldaketaz ohartarazi gintuen urria aldera. Nolabait eztabaida, ikasketa eta politizazioa helburu zituen emakume-sareak orain nonahi errotu litekeen borroka baliabide bilakatzeko asmoa du eta, antolakunde legez, iraultza sozialistarekin bat egiten duten gainontzeko antolakundeen arteko batasun politiko eta estrategikoaren alde egingo du apustu. Izan ere, Itaiak argitara emandako irakurketen arabera, bizi dugun testuinguru ekonomiko eta sozialak emakume langileen bizimodua bera, eta batik-bat proletarioena, larriki kaltetu dezake; larriune hau dela-eta eta emakume langileek jasaten dituzten mespretxu eta erasoei aurre egin asmoz, antolakuntza politikoaren konpromezuari heldu dio.
Antolakundearen aurkezpen ugari egin dute Itaiako kideek azken asteetan; horietan euren oinarri teoriko eta estrategikoak aurkeztu dituzte eta, aldi berean, argi utzi ere soilik eguneroko lan militantearekin lor litekeela emakumeen emantzipazio erreala. Ondorioz, azaroak 25ean Itaiak mahaigaineratutako diskurtso-terminoetan mobilizazio jendetsuak gauzatu izana benatan pozgarria bada ere, Itaia ardura eta konpromezu politikoa bere kargu hartzen dituen kultura militanteaz jardungo dela azpimarratzea ez dago sobera; hau da, ez du bere eginkizuna dagoeneko indarrean diren sinbolismo eta kontsignetara mugatuko. Itaiaren indarra antolakuntza komunistan datza eta komuniston ulerkeran egingo du lan, egingo du politika: inoiz denok bizi-baldintza berdin eta oparoak izan ditzagun Euskal Estatu Sozialistaren perspektiba estrategikotik jardungo da, ulertuz, beti ere, emakume langilearen askapena eta gizadiaren askapen unibertsala prozesu bat eta bakarra dela, ezin litekeela, ondorioz, lehenengoa bigarrenaren menpeko izan. Hor egin lezake Itaiak bere ekarpen nagusia, ikusaraziz gaurdanik hasten dela emakume langileen bizi-baldintzak hobetzeko borroka eta ez dagoela ezein aitzakia pean berau atzeratzerik. Bere eragina positiboa, bada, bikoitza da: alde batetik, estrategia sozialista orokorrari ekarpen kuantitatiboa egin dio eta, bestalde, iraultza sozialista kualitatiboki baldintzatuko du, iraultza bera zinez sozialista izan dadin.