AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Lanean ari zirela zendu diren bi langileak, kaleratzeak, grebak eta langabezia… Hainbeste zoritxar kabitzen da aste bakarrean, benetan larri bizi da proletariotza. Alabaina, laster txertoren bat prest egongo delakoan ez dira gutxi egoeraren larritasunari garrantzia kendu diotenak, nolabait okerrenaren azken uneetan geundeke horien aburuz. Gabonak medio lurralde gobernuek datozen asteetarako hartu berri dituzten neurriek ere lasaitasun apurra eskaini diote askori, arnasaldi bat edo. Egoera, hala ere, gazi-gozoa da; inork ez luke esango nahikoa denik. Neurrien malgutasuna dela-eta optimismo orokorturik bada, egunerokotasuna okerragoa izan zitekeelako da, noski; eta askatasun zibil murritzenetara ohituak geundenez gero, norbanako gisa eskertu besterik ezin izan du askok eta askok egoera berri hau.

Egun bakarrean ezer gutxi aldatu da ordea: a) balizko txertoaren eraginkortasuna frogatu artean, eta birusaren transmisioa ekiditeko nahitaezkoak diren neurri zentzudunak ezarri zein gaixoen tratamendurako osasun-zerbitzu eraginkor eta unibertsala ziurtatu ezean, pandemiak dakarren osasun arriskua lehengo bera da; eta b) ez dirudi, momentuz, pandemiak areagotu duen krisialdi ekonomikoa halako batean bukatuko denik, hau da, gaur-gaurkoz gauzen egoera ekonomikoa eta langileriaren ongizatea ez datoz bat; era berean haren askatasun zibil eta politikoak, eta, ondorioz, antolaketa politikorako dituen aukera urriak, zeharo eskasak dira (kalitate eskasekoak eta eskasak kantitatez). Honenbestez, pozez lehertzeko motiborik apenas ez dugun honetan, “kalte txikiena” dela-eta inork suma dezakeen optimismo pertsonal (eta zentzuren batean) arrazionalaz gain, bada beste bat ez duena inolako legitimitaterik eta edozein kasutan zentzugabea dena. Zentzugabea eta arriskutsua, hori da, eta ez beste ezer, erreformisten optimismoa.

Komunistok zera izan behar dugu argi: aldaketak datoz. Alegia, epe motzean behintzat, ez dirudi ongizate-estatuen bizi-eredua berreskura daitekeenik. Izan ere Europan, orohar, langileriak bere egin dezakeen aberastasun soziala gero eta urriagoa da: langabezia estruktural izugarria (lan postuen desagerpena), soldaten murrizketa, zerbitzu sozialen eta ditu-laguntza publikoen finantzazio ezintasuna, eta abar luze bat. Testuinguru ekonomiko honek eragin ditzakeen aldaketak, hala ere, ez dute zertan zerikusirik izan pandemia garaiotan ezagutu ditugun neurri diktatorialekin; heltzear den lanaren eta kapitalaren arteko esplotazio egituraketa berriari zer bizi-eredu dagokion ikustear dugu oraindik. Honenbestez, alarma egoerak direla-eta gobernuek hartu izan dituzten neurri diktatorialak ez dira etorkizuneko bizimoduaren adibide; neurri hauek gaur egun klase arteko indar korrelazioaren berri ematen digute, azaleratuz, batik-bat, langileriaren subordinazio eta antolaketa-politiko iraultzailerik eza. Hau da, estatu burgesen arbitrariotasuna. Edo bestela esanda: proletariotzak antolaketa propioa garatu ezean, estatu burgesek gurekin nahi duten hori egin dezaketela. 

Hori dela eta, lekuan lekuko antolaketa egitura iraultzaileak garatu behar ditu langileriak, bere beharrizan ekonomiko, sozial eta politikoei irtenbide erreal bat emateko. Argi izanik, besteak beste, soilik elkar babestuz eta guztion konpromezuarekin lor genezakeela bizitza duinik, eta ez dagoela sozialdemokraten politika fiskalekin galdutako bizimodurik berreskuratzerik.