AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Donostiako institutu batean jazotako gertakarien harira ikasgeletako paternalismo eta autoritarismoa bistarazi da beste behin. Izan ere, 2. batxilergoko ikasleek historia irakasgaiko irakaslearekin azterketa eredu bat adostu zuten, baina mintegiburuak, hori jakinda eta irakasle zein ikasleen ezkutuan, azterketa egunean eredua aldatu zien, eta ondorioz ehundik gora ikaslek ez dute azterketa gainditu.

Ikasleak, haserre eta selektibitatearen urduritasunarekin, protestan hasi ziren. Egoera bidegabea dela eta azterketa ontzat eman ez dezaten eskatzeko elkarretaratzea antolatu zuen Ikasle Abertzaleak antolakundeak.

Hortik aurrerakoa, tamalez, aski ezaguna zaigu. Irakasle, zuzendari eta abarrek, asko abertzale, ezkertiar eta aurrerakoiak, noski, erreakzio autoritarioa izan dute, ikasleak protesta egiteko antolatu direlako. Ikastetxeko zuzendaritzak, elkarretaratzea ekiditeko, polizia bidaltzearekin mehatxatu zituen ikasleak, estatu kapitalistek disidentzia politikoei eman ohi dien tratu berbera lehenetsita: biolentzia. Ildo beretik, sarean ikasleen protestak gutxietsi, infantilizatu eta erridikulizatu dituztenak ere izan dira, irakasleak tartean.

Batzuek eta besteek subjektu izaera ukatzen diete gazteei, beren kabuz pentsatzeko eta egiteko gai ez eta aginduak eta arauak betetzeko funtzio soila izango balute bezala. Paternalista eta autoritarioek onartzen duten protesta eta jarrera politiko bakarra beraiek nahi dutena eta nahi duten bezala adierazten dena da. Hori bai askatasuna!

Irakasleen borondate pertsonaletik harago, ikastetxeak haur, nerabe eta gazteak klase menderatzailearen moldeen arabera diziplinatzeko zentroak dira. Gero eta gehiago, gainera, irakasle-polizia eredua ezartzen saiatzen ari dira, eta aldiz, ikasketa-prozesua edukiz husten ari dira.

Horren aurka, beharrezkoa da irakasleak pertsona kritikoak sortzeko prozesuan gazteen bidelagun izatea. Kontrara, irakasleen eginbeharrak izan beharko luke, hezkuntza-prozesuak egiten duenaren kontrara, gazteen jakin-mina eta ikasteko gogoa areagotzea, ezagutza transmititzea eta beren kabuz pentsatzeko gaitasuna gararaztea, analisirako erremintak ematea eta arazo sozialekiko erantzukizuna sorraraztea...

Kontrako noranzkoan doaz, beraz, ikasleak «harrapatzeko» helburu bakarrarekin azterketa eredua aldatzea bezalako ekintzak eta baita ikasleak antolatu eta protesta egiten dutenean paternalismoz tratatzea edo autoritarismoz isilarazten saiatzea ere.