Pasa den asteko greban milaka ikaslek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kaleak hartu zituzten. Zalantzarik gabe, egindako lan militante txalogarriaren fruitua izan dira mobilizazio horiek. Posizio politiko sozialistaren potentziala, hain justu, hezkuntza sistemaren okertzea azaltzean, bere erreformen funtzioa seinalatzean eta alternatiba modura sozialismoa aldarrikatzean datza.
Askok hezkuntza okertzen ari dela gezur hutsa dela argudiatzea baliatu dute greba kondenatzeko eta 34 atxiloketa justifikatzeko. Ordea, piketeak eta, oro har, greba deialdia ez daude ulertzerik egoeraren interpretazio horretatik –dekadentziatik– bereizita. Aldiz, errentaren araberako eskola porrotari begiratuta, zatika erortzen ari den hezkuntza publikoa ikusita, beren etorkizuna beka ezegonkor baten menpe duten ikasle mordoaren begietatik eta beste hamaika bazterretatik bistaratuta, huskeria dira lau hormatako pintaketak eta klaseak eteteko jarduna.
Eskoletatik hasi eta unibertsitatera arte, heziguneak lan indar merkea ekoitzi eta ikasleak diziplinatzeko gune bihurtu dira. Besteak beste, klaseetako baldintza eta eduki mugatuek klase partikularrak ordaintzera derrigortzen ditu gurasoak, beren seme-alabek aurrera egin dezaten. Teknokrazia burokratiko batek, oro har, eduki antzu batzuk bermatzen ditu, ez besterik. Inoiz jakintzaren tenpluak izandako horiek enpresentzako bulego bat gehiago izatera pasatu dira: ikasleek denbora gehiago ematen dute dohainik lanean (praktikak, ikasketa dualak, formakuntza praktikoa…) ikasten baino. Bologna, EU 2015-20, 3+2, LOE, LOMCE, LOMLOE, LOSU, Lanbide Heziketarako plan estrategikoa, Heziberri… enpresa eta bankari handiek dituzten beharren araberako hezkuntza osatzeko planak direlako.
Hezkuntza enpresari handiei eta bankariei saldu ondoren, horren aurkako edozein kexa autoritarismoz zigortu dute unibertsitateko errektoretza taldeek (aurreko asteko gertaerez aparte, hor dago aurreko ikasturtean 20.000 euroko isuna ezarri eta 80 ertzain bidali izana Ibaetara gela ziztrin bat eskatzeagatik, adibidez). Antzerki itxura dauka orain jende hori bera eskuak burura eramaten ikusteak. Erasorik egon bada, horiek 34 atxiloketak izan dira. Autoritarismo neurrigabeaz, baina, ez dute txintik esan. EH Bilduk, adibidez, «kalteak» salatu ditu, atxiloketak ontzat emanda, eta atxilotuen eskubideak errespetatu daitezela eskatzera mugatu da. Beren burua demokraziaren zaindari gisa aurkezten duten guztiei primeran iruditu zaie campusa poliziaz inbaditzea, grebalariak biluztu eta miatzea edo gauerdira arte ziegan izatea, legeak horretarako aukera ematen dielako.
Zinismoa ez da hor amaitzen. Izan ere, bada parlamentuan gauza bat defendatu eta kalean kontrakoa esaten duenik; ez dakigu inor engainatzerik lortuko duten. Baina tira, ohituta behar genuke jada. Gure aldetik, espero dezagun ikasleek aurreko asteko atxiloketak salatzeko deitu duten manifestazioa arrakastatsua izatea, guztion askatasunak daudelako jokoan.