Jada urtebete igaro da ikasleen egunerokoak erroko aldaketak pairatu zituenetik; berrogeialdiak, online klase amaiezinak… hamaika egitatek gizarte burgesaren normaltasunaren hari amaigabea hautsi zuten pandemia hasi geroztik: besteak beste, harremantzeko era, egunaren planifikazioa. Eta ez dira ezberdinak hezkuntza arloan jazo diren aldaketak, oro har, indarrean den diziplinamendu prozesu kapitalista heziketa zentroetan ere igarri izan da eta; autoritarismoaren fenomenoa larriki areagotu da hezkuntzan, irakasle eta ikasleen arteko harremana nabarmen aldatu egin dituen honetan: hezkuntza esparruan orain indarrean diren neurri ugari arbitrariotasun osoz hartu da, trataera despotiko bat emanez ikasleriari. Gazteria langilea kriminalizatzea xede duen kanpainaren baitan uler genezake ikasleriarekiko gauzatu den deshumanizazioa, ikasleen iruditegi erabat faltsua osatu baita, agintari politikoak zein ikasketa zentroetako zuzendaritzen hautu autoritarioak erraztu asmoz.
Ez da kasualitatea sistema kapitalistaren berregituraketa baten atarian oligarkia finantzarioak hezkuntza instituzioaren eraldaketarako hartu dituen erabakiak enpresa pribatuen esku-hartze gaitasuna handitzearen norabidean joatea, bai eta digitalizazioan sakontzea ere. Funtsean, esparru bereziki estrategikoa da hezkuntza; etorkizuneko lan-indarraren ekoizpena maneiatzeko ezinbesteko instituzioa da-eta.
Gauzak horrela, IKASek martxoaren 25ean egingo dituen mobilizazioak nahitaezko ekimenak dira ofentsiba burgesa hezkuntza esparruan ere eragozteko; izan ere, ikuspegi taktiko zein koiunturalari erantzutetik harago, ekarpen estrategikoa -hezkuntzaren gaineko langile kontrola areagotzea- ahalbidetuko duen ekimena da IKASen mobilizazioa, baita haren dinamika politikoak ere -«ikasle batasunez autoritarismoari kaña»-. Hondamendi kapitalistak gogor kolpatu ditu ikasleria eta hezkuntza sistema, eta horregatik kaleak hartzeko deia, testuinguru honetan, behar-beharrezkoa iruditzen zaigu. Batetik, antolatzeko kultura galbidean dagoen honetan kontrako joera sustatzeko, hau da, antolakuntzaren kultura errotzeko; bestetik, hilabete guzti hauetan IKASek hezigunez hezigune jorratu dituen problematika zehatzei (kontrol soziala, ikasleon autonomia eskubidea…) oihartzuna eman eta pixkanaka langileriaren boterea eta aginte gaitasuna areagotzeko, ikasleen eskutik etor litezkeen garaipenen bidez.