AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

«Egia iraultzailea da» idatzi zuen militante komunista batek aspaldi; eta zuzen zebilen, giza harremanez, ekonomiaz edo politikaz ari garenean, bederen. Halakoetan egia ekoizpen eredu kapitalistaren klase bereizketa da: soldatapeko esklabotza eta ekoizpen-bideen jabetza pribatua. Eta bidegabea da aipatu klase bereizketa, zeina ezin baita aitortu langileen eta burgesen arteko klase borroka kontuan hartu ezean. Alegia: langileria klaseak ez du bere klase egoera onartzen, bidegabea den klase kondizioa gaitzetsi eta klase zapalkuntzak dakartzan gaitzei aurre egiteko antolatzen du bere burua; burgesiak, aitzitik, lan-indarra zapaltzeaz gain, indarrez ere menperatzen du langileria, ondotxo baitaki soldatapeko erregimena (burgesiaren diktadura) defendatu beharra duela bere agintaldiak iraun dezan. Ondorioz, modernitateko klase bereizketa ez da langileek eta burgesek modu pasiboan onartzen duten errealitate bat, oposizio zuzenak (langileen aldetik) eta defentsa basatiak (burgesena) osatzen duten dinamika korapilatsua baizik. Klase bereizketaren aitortzak, horrenbestez, beste biena ere badakar: klase zapalkuntzarena eta horren onarpenik ezarena.

Zuzenbide burgesak, esate baterako, ez du aintzat hartzen langileen eta burgesen arteko klase bereizketa. Horregatik izendatzen gaitu denok aske eta berdin. Horregatik irakur dezakegu konstituzio burgesetan denok jabetza-eskubide bera dugula. Baina egia honakoa da: langileriak ezin du askatasun politikoa ziurtatuko dion jabetzarik lortu kapitalismoan. Eta egia iraultzailea da, gauzen egoera horrek ondorio etiko eta politikoak baititu (klase borroka), komunismoarekin konprometitzen gaituztenak. Bada, gizarte burgesak ez duelako formalki klase bereizketa onartzen da iraultzailea egia.

Tradizio Sozialistak (Lehen Internazionala abiapuntutzat duten mugimendu politikoen batura) denbora luzez bizirik mantendu du zapalkuntza kapitalistaren kontzientzia, eta egiak tradizio horren programa politikoetan hartu zuen babesa. Alabaina, Tradizio Sozialista ahuldu egin da azken hamarkadetan, bai eta langileriaren klase kontzientzia ere. Langileren batek klase kontzientziaz jokatzen duela diogu, baldin eta soilik klase borrokaren ondorio etiko-politikoak bere egin eta konpromiso militantea baldin badauka. Garrantzitsua izan da oso Tradizio Sozialista, langileoi gure klase kondizioaren ezagutza ziurtatu bai baina, era berean, klase kondizioa eta lanaren emantzipazioaren aldeko borroka gauza bat eta bera direla irakatsi digulako. Langileriaren klase esperientzien alderdi politikoa izan da Tradizio Sozialista, non sufritutakoaren memoria, borrokaz lortutakoa, emantzipazio proiektuak, kapitalismoaren ezagutza, langileon arteko babesa eta askatasun esperantza belaunaldiz belaunaldi gorde baitira.

Zientzialari «desinteresatuek» baino, langileriaren borrokek egin dute posible ekoizpen-eredu kapitalistaren ezagutza, hil ala bizikoa zaiona langileriari. Eta ezagutza hori Tradizio Sozialistako antolakunde eta instituzioetan transmititu izan da batik bat; horrexegatik egon liteke lehenengoa galzorian, bigarrena ahula den garaiotan. Langile belaunaldi berrien eta Tradizio Sozialistaren arteko lotura kulturala iraultza komunistaren nahitaezko premisa da, gaur egun, hala ere, ez da dinamika politiko iraultzailerik, ez horren esanguratsurik behintzat, modu espontaneoan lotura hori ziurta dezakeenik. Egoera latza, beraz, bizi duguna. Bada, Tradizio Sozialista eta langile belaunaldi berriak elkarrekin harremanetan jar ditzakeen borroka-kulturarik edo instituzio egonkorrik ez den honetan, eskura ditugun baliabide teorikoei heldu behar diegu militanteok; ez denez heziketa sozialistarik, ikasketa propioz lotu behar gatzaizkio-eta Tradizio Sozialistari. Gure iragan politikoari, alegia.

Teoriak testuinguru honetan funtzio garrantzitsua du, Tradizio Sozialista indartsua ez denez gero, langileriaren kultura-politiko egonkortu eta oparo baten nolabaiteko ordezkari teknikoa baita. Eta garrantzitsua da hiru zentzutan: historikoan, estrategikoan eta militantean.