Herri Unibertsitateak jende mordoa bildu zuen Leioan pasa den astean. Balioan jarri behar da hori, gerturatutako jendearengan interesa piztu duena ez baita aisialdirako eskaintza, bertan azaldu den eduki politikoa baizik. Eman diren azalpen eta eztabaidek lotura zuzena dute gaur egun sozialdemokrazia zaharraren erraietatik jaiotzen edo berreskuratzen ari diren tesi politiko iraultzaileekin. Horrek bihurtzen du Herri Unibertsitatea, hain zuzen ere, berebiziko ekarpena egiten duen komuniston elkargunea.
Izan ere, teoria da komunistontzat gure jardun osoa gidatzen duena. Alabaina, hainbat mugimendu eta esperientzia historikoetan teoriak eraiki dituzte beren jardun politikoa justifikatzeko. Komunistok, aldiz, eztabaida teorikoaren garapena izan behar dugu hizpide gure jarduna eraikitzeko. Horregatik teoriaren ikasketa (formakuntza) ez da bestelako betebehar militanteek (propagandak, bilerek…) denbora uzten dutenean soilik egin daitekeen zerbait. Ez da egoa elikatzeko edo irakurketak apaintzeko espekulazioen bilduma; ematen dugun pauso bakoitzak geure helburu politikoarekin, klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizartea lortzearekin, alegia, duen lotura bermatzeko ariketa baizik. Teoriarekiko kezka baztertu duen militanteak helburu politikoa ere baztertu du, eta eztabaida teorikorik (eta beraz politikorik) ez duen mugimendua potentzialki errebisionista eta burokratikoa da.
Dena den, teoriaren lanketa zentzu zabalean ulertzeko aukera ematen digu Herri Unibertsitateak. Jatorri zein korronte teoriko ezberdinetako hainbat hizlari entzuteko abagunea eman digu Herri Unibertsitateak, teoria eta politika uztartuz. Izan ere, teoria ez da behin eta berriro errepikatzeko dogma itxi bat. Zentzu horretan, ezin dugu ahaztu gaurkotasuna duten teorien edo ideien arteko talka arrazoituak egin dezakeen ekarpena, gure perspektiba eta ezagutza aberasten dituen aldetik.
Etorkizunean, Herri Unibertsitateak gaur egun duena baino askoz ere instituzio konplexuagoak beharko ditugu jardun politiko garatuago baten exijentzia teorikoak asetzeko. Antzuak ez diren eztabaida eta kritikei tokia egiteko kanalak izan beharko dira, horiek baitira komuniston jardunaren substratua. Horixe bera da Herri Unibertsitateak gaur egun bertan ereiten duena etorkizunerako.