Berebiziko garrantzia du komunistontzat Herri Unibertsitateak. Urtero, martxoa aldera, elkarrekin batzen gaituen fetxa seinalatua da, zeinetan militanteon ardura eta eginkizunek, unibertsitateko ikasketa prozesuak berak, irakasle zein hizlari eta ikasleen arteko hartu-emanak eta, noski, eztabaidek, desadostasunek eta irakaspenek, heziketa eredu sozialistarenak irudi duten. Horregatik izan ohi du etorkizun zantzua Herri Unibertsitateak, bere gertuko iraganarekin zorretan dagoena: estrategia komunistarekin bat egiten dugunok honezkero antolakuntza maila esanguratsua lortu dugu, duela hiru-lau urte, ordea, testuinguru politikoa zeharo ezberdina zen. Alegia, ez zegoen iritzi komunista mahai-gaineratzerik orain egin daitekeen erraztasun berarekin, argudiaketarako legitimitatea (hau da, errespetua eta aitortza soziala) soilik eztabaida-leku zehatzetan ukan zuen eta (Borroka Garaia Da webgunean esate baterako).
Orduan, gertu apenas ez genuenean erreferente politikorik, hutsala zenean tradizio sozialistaren eta Euskal Herriko gazte belaunaldi berrien arteko lotura, zer irakurri ez genekien urte horietan, eta ez zeukanean inork gure jakinmina ezta borroka grina asetzerik ere, orduan, Herri Unibertsitatea ezinegon iraultzailearen gotorleku bihurtu zen. Kritikan eta ikasketan beste babesgune bat aurkitu zuen borondate iraultzaileak.
Krisialdi ekonomikoa, alde batetik, eta Ezker Abertzale Ofizialaren porrotak eragindako krisi politikoa, bestetik… bada, orduko militante gazteentzat ez zegoen norabide estrategiko argirik, eta ez zegoen, ondorioz, erakargarria eta aldi berean eraginkorra zirudien proposamen organizatiborik. Eta oposizioa eta eztabaida gogoa nagusi ziren horretan, unibertsitateko militanteek, eta ikasle ez ziren beste gazte askok ere, eragozpen alderdikoirik gabe politikaz eztabaidatu eta erabaki estrategikoak zalantzan jartzeko abagunea izan zuten Herri Unibertsitatean. Esperientzia eta ikuspuntu asko jaso izan dira azken urteetan Herri Unibertsitatean, dagoeneko zenbait esparrutan hegemonikoa den estrategia-iraultzaile komunistaren zabalpenerako nahitaezkoa izan dena. Honenbestez, handia da Herri Unibertsitate «lokal» zein «nazional» ezberdinek antolakuntza komunistari egindako ekarpena.
Gurentzat horren garrantzitsua dena ezereza da EHUrentzat, horregatik ahalegindu da aurtengo Herri Unibertsitatea saboteatzen. Halatan, militante ororen esku dago Herri Unibertsitatearen arrakasta, eta, zailtasunak zailtasun, hurrengo astearte eta asteazkenean (martxoak 16 eta 17) Gasteizera hurbil zaitezten dei egiten dizuegu. Horrez gain, EHU oraindik garaiz dabilela uste dugu, beraz badu Herri Unibertsitateren antolatzaileei jaramon egin eta gela aproposak eskaintzerik. Antolatzaileen borondatea irmoa da: segurtasun neurriak beteko dituzte, baina horretarako behar-beharrezkoa zaie azpiegitura egokia, Herri Unibertsitatearen beraren neurrikoa. Herri Unibertsitatera joateko asmoa dutenak, aldiz, ez dira hemezortzi pertsonako geletan kabitzen; berriz ere gutxietsi gaituzte. Hurbil gaitezen, bada, denok Gasteizera eta egin dezagun posible askatasun politikoaren heziketa.