AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Uztailak hamabiko hauteskundeak direla-eta iritzi eta deklarazio andana eskaini digu aste honek; alderdiek, kanpaina hasita, auzi ezberdinei heldu diete eta egun gutxitan, euren burua zuritu edo ezer justifikatzeko beharra luken horren antzera, ahal izan duten guztia eman dute aditzera. Hauteskunde kanpainen iraupena motza baita, alderdiak, hautesleak erakarri eta konbentzitu asmoz, auzi eta gatazka ezberdinen gaineko ikuspuntu propioa modu sinple eta ulergarrian komunikatzen ahalegintzen dira. Bada, abiadak eta konbentzimenduak diskurtsoaren edukiari gain hartzen diote horrelakoetan. Halaxe, eslogan edo ikurren arteko lehia irudi du hauteskunde kanpainak, formetan zein hitz zehatzetan ez bada gutxitan azaltzen dena ezberdin. Hau da: propaganda. Eta propaganda, finean, honako honi deritzo: informazio transmisioarekin inork bere kabuz, hausnarketa eta kritikaren bidez, har zezakeen jarrera bere eragiteari, horretarako iritzi edo ideien sintesi estetikoak baliatzen direlarik. Alderdien programetan, aldarrikapen jakinak jasotzen dituzten esku-orri horietan, ondo antzeman daiteke esandakoa: puntu gutxiko zerrendak dira, enuntziatu laburrekoak, ez dute ezer esaten eta bozka-paperarekin batera heltzen zaizkigu gutun berean etxera. Pentsa zitekeen formatu kontua dela, kanpainak, ezinbestean, horrela behar duela izan eta indarrean diren alderdiek izan badutela euren programa sinplistez gaindi estrategia definiturik. Galde diezaiegun, honenbestez, zertan datzan krisialdiak eta nola egin diezaiokegun aurre.

Agoitzeko Siemens-Gamesa lantegia kanpaina-mintzagai izan daiteke; itxiko dutela-eta zenbaitek gogor sala zezakeen egungo egoera ekonomikoa eta bide batez, krisialdiaren soluzio gisa, Jaurlaritzan gauza daitezkeen politika pragmatikoak aldarrikatu. Komuniston balizko utopismoaren aurka parlamentarismo burgesa lehenetsi du «ezkerrak», alabaina, askatasun- eta berdintasun-printzipio abstraktuak bezain hutsalak dira euren politika errealistak. Izan ere: a) zerbitzu eta diru-laguntza publikoen aldeko programek, kapital-pribatuaren eragozpenei nolabaiteko konponbide erreformista eskaini nahi dioten horiena eta aurrekontu-publikoaren finantzaketa eta inbertsioa areagotzea dutenak helburu, ez dute testuinguru historikoa kontutan hartzen eta, horrez gain, ez diote arazoaren oinarriari jaramon egiten. Estatuek diru-gastu publikorako duten ahala (baita zergen bidez batu daitekeen dirua ere) industria-kapitalaren errentagarritasun mailak baldintzatzen du, ondorioz, bigarrenak behera egitean lehenaren inbertsio aukerak desagertzen hasten dira. Bada, industria-kapitalaren metaketa gaitasuna denean arazo ezin liteke epe-ertaineko konponbidetzat hartu instituzio publiko baten diru-gaitasuna bera. Eta b) «ezkerrak» ez du epe-luzerako inolako soluziorik proposatzen eta krisialdia bera eragin duen ekoizpen-eredua gainditzeaz ez du oraindik ezer esan, bada, zer egin ez dakiela aitortu ezean langileria krisialdira kondenatzen duen ekonomia-diktadurarekiko subordinazio areagotu besterik ez du egin. Miseria garaietan langileriari politika-iritzi sinpleek ez diote inolako mesederik egiten eta hauteskunde kanpainen erritmoak eta ziurtasun-eszenifikazioak inozokeria dute areagotzen. Norabiderik eza ekidin dezagun, krisialdiaren ezagutza kolektiboa garatu behar dugu langileok.