Protesta eta mobilizazio deialdiekin hasi dute ikasturtea Greziako ikasleek. 50 milioi euroko inbertsioa egin du gobernuak Unibertsitate Instituzioen Babes Ekipoa (OPPI) deitutako polizia espezializatua zabaltzeko Greziako unibertsitate garrantzitsuenetan. Jendetza mobilizatzea lortu duten protesta horiek gogor erreprimitu ditu poliziak; gas negar-eragilea, ur-kanoiak eta biolentzia neurrigabea izan dira gobernuaren erantzuna.
Gertakariok ezin daitezke ulertu bizi dugun egoeratik aparte. Azken bi urteetan, behin baino gehiagotan salatu du Mugimendu Sozialistak aterabide polizialaren aldeko apustua egin dutela elite ekonomiko zein gobernuek. Salbuespen egoerak normalizatzea, oro har indar polizialen pertsonala handitzea, Barne Ministerioaren aurrekontuak handitzea eta poliziaren eskumenak handiagotzea izan dira, besteak beste, Espainiar Estatuan onartu diren neurriak. Krisi egoera honek eragiten duen testuinguruan proletalgoaren mendetasuna bermatzea dute helburu, eta horretarako protesta espontaneo oro galarazten dute, baina batez ere, eskubide politikoak ezabatzen dituzte. Greziako Gobernuak argi adierazi du balizko antolakuntza politikoa saihestea dela polizia horren helburuetako bat.
Proletalgoaren politikarako eskubideak murriztuz doaz proletalgoa ugarituz doan heinean. Politika instituzionalak politikaren arlo guztiak barne hartu nahi ditu, politikaren monopolioa eskuratu, eta ez zentzu administratibo batean soilik, baita eta zentzu kulturalean ere. Alderdi politikoei zein elite ekonomikoei beharrezkoa zaie politika egiteko zilegitasuna, eraginkortasuna, eta, finean, politika erreala instituzio burgesen bidez soilik egin daitekeen ideia indartzea, batez ere orain, proletalgoa kapitalaren alderditik gero eta urrunago den garaiotan. Hori horrela, proletalgoaren politikaren izena belztu eta errepresio zein jazarpen bidez militantzia politikoa eragoztea baimenduko duten eszenatokiak bultzatzen ditu burgesiak.
Militante komunistoi antolakuntza politikoaren zilegitasuna eta beharrezkotasuna azpimarratzea dagokigu; manifestatzeko, protesta egiteko eta antolatzeko baldintzak bermatzeko norabidean lan egitea. Horrela soilik lortuko baitugu errealitate gordin honen alternatiba erreala izango den Estatu Sozialista.