Covidak bainoago, larrialdi sozialak gauzka arduratuta komunistok. Bizi garen gizarte honek ez du-eta askatasun minik; oro har, ez hitzez gaindi, behintzat. Esaterako: lekuan lekuko gobernuek ezin agerikoagoak diren kontrol neurriak ezarri, eta gutxi batzuk baino ez dute neurrioi aurre egiteko asmoa erakutsi. Halatan, sinetsita al gaude Covid ziurtagiria osasun berme dela? Ala erosotasunak, beldurrak eta arduragabekeriak burgesiaren morroi egin gaituzte? Izan ere, burgesia nahieran ari da gurekin, oposizio handirik gabe.
Azaleko irudiak, hala ere, sinpleegiak dira; «erdi egiak» edo ez guztiz zuzenak. Horrexegatik, komunistontzat gizarteak, entitate abstraktu modura, ez du errurik; arrazoi bera dela-eta, gure aburuz, langileriak ez dio oso-osoan menderakuntza burgesari aurre egiteari utzi. Klase borroka sekula ez da ezerezean desagertu. Norbanakoak, ordea, horren gara ahulak bakardadean, ezen sarritan ez baikara besteen begietan; horrez gain, gure kezka politikoak, haserrea, konpromiso militantea eta bat-bateko klase oposizioa gutxitan azaltzen dira komunikabideetan. Proletariotzaren klase kontzientziak, hain zuzen ere, horregatik ez du dimentsio publikorik. Izan, ordea, bada klase kontzientzia egiazkoa, eta, seguruan, eguneroko erritmo militantearekin antzeman genezakeena baino proletario gehiago egongo da kokoteraino gauzen egoera honekin. Burgesiaren klase dominazioa langileriaren klase subordinazioa al da beraz?
Komunistok kezkatzen gaituen larrialdi soziala, beraz, langileriaren balizko klase subordinazioa da. Alabaina, kezka hori ez datza akusazio hutsean edo arrangura moralean, konpromiso politiko komunistatik gure buruari egiten diogun honako galderan baizik: zerk eragozten du langileriaren klase antolakuntza politikoa? Kezka, halatan, zalantza politikoa da, oinarrizko klase bereizketa bat lehenesten baitu: ekoizpen eredu kapitalistak eskaini dezakeen bizimodua onartu eta defendatzen duten langileena eta hori sufritzen dutenen artekoa. Era berean, estrategia iraultzailearekin zerikusia du zalantzak: euren kabuz, bai sufrimendutik zein ilusiotik, diktadura burgesari aurre egiten dioten horien (edo egin nahi diotenen) bilakaera militantea baitauka hausnarketa objektutzat. Printzipio analitiko horien arabera, bada, lan militantearen kalitatearen eta kantitatearen arabera gerturatuko da, edo ez, jende nahikoa mobilizazio komunistetara. Egunerokoan erronka, ondorioz, gurea da; baita erantzukizuna ere.
GKSk deitu berri dituen mobilizazioen garrantzia, halatan, handia da oso, horien bidez aditzera eman baikenezake basakeria burges honen aurka izan baden oposizio proletario erreala. Baina horretarako gogor egin beharko dugu lan egunotan, ez dezagun gure buruaren irudia (ahalegin handirik gabe horietan elkartu gaitezkeen militanteona) errealitatearekin nahastu: ez ditzagun gure muga artifizial propioak komunismoarenak egin.