Egunez egun, astez aste eta hilabete luzez tragediak izan ditugu kazeta honen goiburuetan. 16 urteko gazte bat poliziak tiroz hil duela irakurri behar izan dugu; 20€ lapurtzeagatik, ijitoa izateagatik edota poliziari horretarako eskumena eman zaiolako hil dute. Horra hor notiziaren muina. Muin bera elkarbanatzen dute aste honetako hainbat goiburuk ere: atzemandako eraikuntzako lan-esplotaziorako sareek, Bulgariako poliziak erail duen gazte errefuxiatuaren albisteak, jazotako lan istripuek, soldaten garbiketen azken berriek, gure herrietako eraso matxistek… Muin hori burgesiaren ideologia, beso armatu eta instituzioen ofentsibaren inpunitatea da, finean eta zuzenago esanda: enpresari eta agintarien erasoaldia. Ez da irakurri dugun goiburu bakarra izan, ordea; urtarrilaren 28an gazte langileok Bilboko eta Iruñeko kaleetara ateratzeko deia jaso baitugu, borrokara batzeko eskua luzatu baitigu Gazte Koordinadora Sozialistak beste behin ere.
Gazteon bizi baldintzen atzeraldiaz mintzo dira aurrekari gutxi dituen momentu historiko batean: kapitalismoaren garapen teknologiko, industrial eta intelektualaren dimentsioak ikaragarriak izanagatik ere, proletalgoa askatu ordez ia modu perfektuan menperatzen ari dira; era berean, langileriaren askatasuna borrokatu lezakeen proiektu politiko bakarra, komunismoa, desartikulatuta dago, deslegitimatua eta askotan kriminalizatua. Lehen genuena gutxi izanda ere, apurka hori ere galduz goaz, eta badakigu borrokatu ezean ez dela atzera bueltarik egongo. Ikasi dugu langileriaren eskubide eta askatasun politiko, sozial eta ekonomikoak defendatu eta borrokatu ezean proletalgoaren bizi ereduak izango duen atzerapausoak okertu egingo dituela aurrerapausoren bat emateko genituen baldintzak.
GKSk deitutako mobilizazio eguna pieza bat gehiago da erasoaldi horren aurrean antolatu eta erantzuteko sortu behar dugun testuinguruan. Ez dago Ongizate estatuen paradigmara atzera bueltatzerik, baina argi izan behar dugu gu ez garela atzera buelta horregatik borrokatzen. Testuinguru berri bat da eraiki nahi duguna, non baldintza sozialak, ekonomikoak eta politikoak forma berri batean garatuko diren. Askatasunaren aldeko apustu bat da programa komunistak defendatzen duena. Horregatik, orain eta gaurdanik, antolakuntza eta borrokaren beharra eta efizientzia aldarrikatu behar ditugu. Apurka-apurka gero eta borroka ziklo indartsuagoak eta emankorragoak abiarazi beharko ditugu komunismoaren programa indartuz eta sendotuz. Horri egiten diote ekarpena urtarrileko manifestazioek.
Urtarrilaren 28an bete daitezela kaleak beste urte batez iraultza sozialistaren aldeko aldarriz.