AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Datorren apirilaren 24an frantziar estatuko hauteskundeen bigarren itzulia izango dugu. Norgehiagokan arituko diren hautagai bozkatuenak Macron eta Le Pen izanik, Europako beste kasu askotan errepikatu den lelo berbera entzun behar izan dugu: faxismoaren geldiarazteko bide bakarra gainontzeko alderdi guztien batasun elektorala dela, alegia.

Fronte popularren sinbolismo historikoan oinarritua dagoen ideia honek ibilbide luzea izan du azken aldian, Espainian Vox edo Alemanian AfD eskuin muturrak geldiarazteko deia eginez adibidez. Eskuin erradikalizatua instituzioetan azaldu den tokietan -instituzioetatik kanpo daudenean ez baitira kezka- sozialdemokratek zein liberalek «faxismoa geldiarazteko bozka erabilgarri» gisa saldu dute euren burua. Hala ere, planteamendu hau sofisma merke bat baino ez da, halako gobernuak existitu izan baitira: Italiako 2006 eta 2008 arteko kasuan L’Unione koalizioa edo Frantzian bertan 1997-2002 tartean PSF eta PCF arteko batasuna. Kasurik gertukoena Espainian bertan dugu gaur egun PSOE-UP koalizioarekin. Kasu guzti hauetan eskuin muturra -eskuin ez-zentrista batetik faxismoraino- klase ertainaren zati handi baten hautu gisa egonkortu da krisiari aurre egiteko, ezkerreko gobernu hauek indarrean egonda ere. Eskuin muturra gobernura iristea ekiditeko oligarkiaren esanetara egongo diren ezkerreko alderdi mordoa gobernura bultzatzea absurdua da erabat. Behin eta berriro frogatzen ari da hau: Austrian, herrialde eskandinaviarretan, Danimarkan…

Batek baino gehiagok momentuko egoeraren urgentzia aldarrikatuko du komuniston ustezko ameskeriaren aurka: «eskuin muturra gobernura iristen bada askatasunen aurkako basakeriak egingo ditu! Beste alderdiak ez dira benetako aldaketak izango, baina iraultzaren zain bagaude faxismoa gobernura iritsiko da». Iritzi hau deuseztatzeko ere Frantziako kasua oso aproposa da. Irailean, hauteskunde hauetako lehen iritzi-azterketek bi hautagai hauen arteko tartea murriztuko zela aurreikusi zutenean, “zentro politiko” gisa definitua dagoen Macronek ez zuen inolako arazorik izan segurtasun alorrean eskuin muturraren proposamenak aplikatzeko: poliziaren presentzia eta aurrekontu hazkunde izugarria nagusiki. Estatuaren kudeaketaren joera faxista sakontzea gobernu bat edo bestea egotea baino konplexuagoa da beraz; programa autoritarioa aplikatu daiteke botere ekonomikoen joera hori bada, faxistak gobernua iritsi gabe ere.  

Azken hamarkadetako aukera politiko ohikoenak erabat desagertuak daude Frantzian. Frantzia lau alditan gobernatu duten sozialistek (PSF, Hidalgo) botoen % 1,7 irrigarri bat baino ez dute lortu, eta Sarkozyren alderdi errepublikarra (LR, Pécresse) ere antzeko ibili da,  % 4,8 batekin. Zentroko bipartidismoaren fartsan bi alderdien programak berdinak direla frogatu da. Horregatik aurkezten dira Zemmourren gaullo-bonapartismoa bezalakoak «frantziar jatorriko langileen» proletarizazio itogarria geldiarazteko aukera apurtzaile bakarrak balira bezala. Mélenchonek, zentroaren arrastoak aurpegia garbitu duen ezker berri batera birbideratzeko saiakera nagusiak, denen ahotan esperantza izpia izan behar zuen. Hirugarren indarra izatera heldu da, baina ze eduki politikorekin? Faxismoaren gorakadari aurre egin behar diola suposatzen den alderdiak Le Pen berak gobernu kide gisa onartzeko prest dagoen programa darabil: «le meilleur de la droite et le meilleur de la gauche» bateratu daitezkeela dio fronte nazionaleko hautagaiak. Are gehiago, Melenchonen bozkatzaileak erakartzen dabil bigarren bueltara begira, antagonikoak direla suposatzen den programak izan arren.

Errealitate hau era batera edo bestera baztertzen duen gero eta populazio handiago baten seinale da pasa den udal-hauteskundeetan errekor historikoa gainditu zuen abstentzioa (% 60). Faxismoari zein betiko teknokrazia zentristari aurre egiteko alternatiba politikorik ez izatearen ondorioa da abstentzioa. Sorbona, Nantes, Rennes edo Toulouseko ikasleen protestak haserre horren erakusle dira. Hala ere, Frantzian ohikoak izan dira egun batetik bestera zalaparta eragin eta denbora gutxian desegin diren erreboltak. Horrenbestez, «Ez Macron ez Le Pen» esatetik haratago borrokak bateratu eta programa berberaren baitan kokatzeko erronka daukagu. Helburu hauek erdiesteko bide bakarra aukera komunista da. Faxismoa, gobernutik bota baino, bere oinarria (proletarizazio prozesua bera) suntsituz itoko duen aukera da alegia, munstroa benetan hiltzeko modu erreal bakarra.