AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Osasun egoera tamalgarria bizi dugu eta ekonomiak, orohar, ez du hobera egin. Kontaezinak dira hilabeteotan suntsitu diren lanpostuak, agindu diren kaleratzeak… Soldatak ere murriztu izan dira zenbait sektoretan, proletariook ulertzerik ez dugun delako ongizate-orokor produktiboaren aitzakia pean. Eta, bien bitartean, dirulaguntzak burokraziari propioa zaion patxadarekin iristen dira etxeetara, berandu; beti ere, iristerik baldin badu baten-batek. Izan ere bada dirulaguntzarik, adibidez «bizitzeko gutxieneko diru-sarrera» bera, haren eskaintza bertan behera geratu edo oso kasu gutxitan ematen dena: krisialdiari aurre egiteko bultza litekeen errenta eredu berriak momentuz ez du ekonomia hondamendi honi soluziorik emateko beste gaitasun. Honenbestez, argi antzeman liteke «mendebaldeko» estatu burgesek ez dutela gizartearen osasuna ziurtatzerik, ezta euren ekonomia orekatzerik ere. Estatu horien inboluzioa, alegia, agerikoa da.      

Eta sozialdemokrazia orain kexu da, berak posible egin duen egoeraz kexu. Haren aburuz Eusko Jaurlaritzak ez luke, esate baterako, lau milioi euroko gasturik egin behar Ertzaintzaren baliabideak berritzeko; ostera, osasungintza eta enpresa txikiei eskain dakizkiekeen laguntzak hobesten dituzte. Halako aldarrikapenak zentzugabeak dira (eta hipokritak honezkero) eta aditzera ematen dute sozialdemokratak ez direla formazio sozial burgesaren dinamika eta funtzionamendua ulertzeko kapaz. Krisialdi honetan, ez dagoenean politika fiskalekin etekin handirik lortzerik eta kapitalaren beraren irabazi tasa baxua denean oso, gastu publikoa ezin liteke modu eraginkorrean areagotu, hau ez da irtenbide politiko eraginkorra. Zeren-eta gastu publikoaren murrizketa eta diseinu politikoa ez da arbitrarioa, estatu burgesa zutik manten dadin osasungintza eta dirulaguntza publikoekin zerikusia ez duten bestelako ordainketa ugari egin behar baititu gobernuak, baita testuinguru sozioekonomiko berrira egokitu ere haren egitura. Krisialdiaren testuinguruan ulertu beharra dago Ertzaintzaren modernizazioa, bai finantzaketa eta bai haren aldeko kanpaina mediatikoa. Bada, egungo sozialdemokraziaren proiektua ez da sekula gauzatuko, estatuaren kiebra proposatzen baitute izan estatua bera hobetzeko asmotan direnean.

Ongizate Estatuek ez diote «basakeria ala iraultza» aldarriari biziraun, alabaina hautabidea berriz ere horixe bera da. Burgesek dagoeneko hartu dute erabakirik: kaleen militarizazioa, lurralde itxiera, jabetza zentralizazioa, ofentsiba komunikatiboa eta terrorea. Hau da, proletariotzaren ekinbide politiko eta militanteen debekua. Nork inprimatuko dizkigu guri ibiltzeko baimenak? Nork defendatuko du gure eskubiderik? Burgesek ez baitute langileriaren osasuna eta ongizate ekonomikoa ziurtatzerik, indarkeriara jo dute. Batek daki noiz arte iraungo duten astelehenean indarrean sartuko diren neurriek, eta ez ote duten aurrerantzean zorrotzagorik ezarriko. Bada, zailtasunak zailtasun, borondate militanteari heldu eta gure konpromezu politikoa erakusteko unea da hau, mobilizatu eta borrokatzeko momentua. Ez dezagun etsi militanteok, antolakuntza komunistaren eraginkortasuna agerian uzteko ordua da-eta, beste behin.