AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Hiriburu eta herrixketan, maiatzaren lehena esangura handikoa izan da. Izan ere, jendetza batu zen atzo Euskal Herriko kaleetan, baina ez mobilizazio orotan. Lurralde historikoen eta herrien arteko mugimendu-debekuak agerian utzi zuen maiatzaren 1erako mobilizazioak deitu zituzten antolakunde eta eragile bakoitzaren indarra. Alta, ezein antolakunde zein eragilek ezin izan zuenez, eragozpenik gabe bederen, mobilizazio nazionalik burutu (ez eta herrialde mailako mobilizaziorik ere) lekuan leku egin ziren manifestazio gehienak. Ondorioz, argi ikusi ahal izan genuen, langileria klasearen aldarri historikoei dagokienez behintzat, zertan den egun Euskal Herriko indar-zelai politikoa: gaitasunak lekuaren arabera, edota nor den indartsu, nor indartsuen eta nor erabat ahula.

Diogu herri batetik beste herriren batera mugitzeko debekuak agente politiko bakoitzaren indar erreala agerian utzi duela, atzo ezin izan zelako deialdi zentralizaturik indar propioen irudi bezala erabili. Ez, behintzat, norberaren onespen osoarekin: nork onartuko du mugimendu traba hauekin atzo, bere mobilizazio nazionalean, batu zituen horiek mobiliza zezakeen jende kopuru handiena dela? Alabaina, alarma-egoera dela-eta indarrean diren neurri eta debeku sozialek soilik balio dezakete mobilizazio zentralizatu baten arrakasta urria, edo porrota, justifikatzeko; antolakunde jakin batek ezin izan badu lekuan leku indar erakustaldirik egin, oso ahula delako da. Neurriak neurri, indartsua den horrek badu mobilizazio nazional bakarra deitu ez eta arrakasta handiko mobilizazio asko egiterik. Hurrengo egunetan, halatan, baten batek bere burua zuritu behar badu, alferrik mintzatuko da bere ahuleziaz. Ostera, aurrerapauso handia izango da, komunista denontzat, kritika politikoak hartzen badu justifikazioen lekua aipatu antolakundeetan.

Horrenbestez, atzoko manifestazioei eta ekitaldietan antolakunde bakoitzak zerabilen diskurtsoari arretaz erreparatzen badiegu, antzemango dugu (1) lekuan leku, hau da, herri eta hiriburuetan, soilik sindikatu legalek (eta Ezker Abertzaleak eurekin) eta Kontseilu Sozialistek egin zituztela mobilizazio esanguratsuak eta (2) Euskal Herrian ezer gutxi dela sindikatu legal eta Kontseilu Sozialisten ardatz politikotik kanpo. Uler bedi: ez ditugu indar-sozial biak kuantitatiboki parekatu nahi, are, Kontseilu Sozialisten eta sindikatu legalen (edo Ezker Abertzalearen) emaitzak irizpide desberdinekin epaitu behar direnean. Esan nahi duguna zera da: erreformismoarekin (hau da: alderdi erreformisten oinarri sozialarekin, estrategia eta taktikarekin, haren historia-ulerkerarekin, paktuak egin eta arerioak hautatzeko moduarekin, eta abar) apurketarik izan baldin bada, delako apurketa Mugimendu Sozialistak gorpuzten duela une honetan (noski, erreformismoarekin apurtzea posible egin duten pertsona eta gainontzeko kolektiboek Mugimendu Sozialistari ematen dioten babesa ere aintzat hartuta). Sindikatu eta alderdi erreformista edo estatalisten eta komunisten arteko polaritateak Euskal Herriko eszenatoki politikoa oso-osoan baldintzatzen du, non bien arteko posizioren bat asmatu nahi dutenei ezinezkoa baitzaie Ezker Abertzalearen joera estrategikotik kanpo kokatzea.

Anbiguetateak erreformismoarekin apurtzeko duen ezintasunaren aurrean, Mugimendu Sozialistaren hazkunde-joera argi eta garbi antzeman ahal izan genuen atzo. Kontseilu Sozialistek mobilizazio arrakastatsuak egin zituzten eta lortutako emaitzak gutxietsi nahi dituen horrek ez du ahaztu behar apenas hiruzpalau hilabete pasatu direla Kontseilu Sozialistek euren burua aurkeztu zutenetik.