AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Une honetan ezjakintasuna da nagusi. Izan ere, Pedro Sanchezek sarritan esan du haren gobernuak alarma-egoera bertan behera utziko duela maiatzaren bederatzian. Eta ez du argitu, zenbait autonomia erkidegoko agintariek behin eta berriz galdetu arren, zehatz mehatz zer eszenatoki berri ekar ditzakeen alarma-egoeraren balizko baliogabetze horrek. Sanchezek esandakoaren arabera, autonomia erkidego bakoitzak beharrezko deritzon neurri sozial eta politikoak har ditzake orduan, alarma-egoera indarrean ez badago ere. Alarma-egoera bukatu eta lekuan lekuko gobernuek lege-dekretu berriak indarrean jarri artean gerta daitekeenaz, ordea, ezer ez du esan espainiar Gobernu zentralak momentuz.

Horixe da urte luze batez egoera diktatorial honi babesa eman dioten alderdien kezka nagusia: zer egin bien bitartean? Bestelako arazo posiblerik antzeman ez eta alarma-egoera onartu zuten alderdien buruhaustea honako hau da eta: alarma-egoera bukatu eta lege-dekretu berriak onartu artean, hilabete bakarrean gutxi gorabehera, ia ez ote den «normaltasunera» itzulera kaotikorik egongo, zeinak egoera epidemiologikoa okertuko bailuke. Ez da ziurra, baina ez du inor harrituko espainiar Gobernuak, ezohiko erabakiren bat medio, maiatzaren bederatzitik ekainak erdialdera orain indarrean diren «osasun» neurriak iraunarazten baditu. Eta, finean, horixe bera espero dute kexu diren alderdiek.

Aipatu kezkaz ari direnean alderdiek osasun publikoaren izenean hitz egiten dute, eta alarma-egoera luza dezan eskatzen diote Sanchezen gobernuari hiritarron ongizatea ziurtatzeko. Alarma-egoerak eta honek dakartzan murriztapen eta neurriek ondorio politiko latzak dituztela ondotxo dakigu honezkero (traketsak dira langileriaren osasuna hobetzeko eta eraginkorrak oso haren askatasun zibil eta politikoak debekatzeko) eta, hala ere, alarma-egoeraren alde azaldu dira euren aburuz langileriaren interesak ordezkatzen dituzten alderdi gehienak. Tartean EH Bildu. Bada. Euskal Herrian «ezkerrak» (1) alarma-egoera babesten du, (2) alarma egoera amaitzean hilabete batean gerta daitekeenak kezkatzen du batik-bat eta (3) aurrerantzean, alarma-egoera baliogabetu eta gero, autonomia erkidego bakoitzak zuzen deritzon murrizte-neurriak hartzearen aldekoa da. Eta, aipatutakoarekin bat egiten duenez gero, (4) bost axola dio langileriaren askatasun politikoak.

Halako adibideekin langileok kurtso honetan zer ikasia badugu, Ezker Abertzaleak berak eskaini digu irakaspen garrantzitsuenetako bat. Izan ere, Sortuk, EH Bildu koalizioaren parte izaki, Espainiako Estatuaren ordena ofizialerekin lerrokatu du zenbaitetan haren ekimen politikoa aurten. Esate baterako: ofizialki alarma-egoera babestu du hasieratik, espainiar Gobernuaren aurrekontu orokorrak onartu zituen, Europako diru-funtsen kudeaketa zentralaren alde egin du eta alarma-egoera bukatzen denerako EAJ-PNVek aurkeztu duen lege-dekretu berria ahalbidetu du (EH Bildu koaliziotik lege aldaketaren bat proposa diezaioketen arren). Esanguratsuena, ordea, zera da, Sortuko militanteek, gutxi batzuek bederen, alderdiaren ildo ofizialaren kontra publikoki ezer esan ez izana. EH Bilduk babestu dituen astakeria hauen aurrean Sortuk ez du inolako oposizio formalik, ezta esanguratsurik ere, adierazi.

Aniztasuna ezabatzen duen polaritate bat ebazten ari da Euskal Herriko agente politikoen artean, non zeharo argia baita zein den iraultzaile eta zein dagoen ordena burgesaren alde, nahigabe bada ere. Alarma-egoeraren auziak agerian utzi du.