XX. mende hasieran ohikoa zen honako galdera hau: ba ote da gerrate bako garapen kapitalistarik? Orduantxe baiezkoan zen jende asko, baina orain, mende baten buruan, ezetz erantzun beharrean gaude. Ekoizpen eredu kapitalistaren hedapenari, burgesiaren hazkundeari alegia, bere-bereak zaizkio inperialismoa eta gerra, lapurreta eta basakeria. Bestelakorik ez da frogatu behintzat. Halaxe, premia ekonomikoren bat, edonolako talka politikoa edota gatazka kulturala nahikoa arrazoi da gerrarako, eta kapitalismoan ez dago indartsuenari mugarik ezar diezaiokeen antolaketa instituzional arrazionalagorik. Potentzia ekonomiko-militarra, ez da besterik. Zuzenbide burgesaren porrota, edo haren klase izaera, halakoetan ageri zaigu argien.
Giza-eskubideek ez dutenean inolako baliorik (batik bat bizitzeko eskubidea desagertzean) gerra egoerez mintzatzen gara; baina askotan, gerra baino, sarraski hutsa da jazo ohi dena. Palestinan, esate baterako, horixe bizi dute egunotan, estatu burges baten krudelkeria absolutua. Izan ere, Israelek 200 bat pertsona erail ditu azken bi asteetan Gazan, tartean 58 haur; Associated Press eta Al Jazeeraren bulegoak bonbardatu ditu, baita hiriko ospitalerako sarbideak suntsitu ere. Hau da, neurririk gabe eraso egin die palestinarrei. Eta bien bitartean, Benjamin Netanyahu Israelgo presidenteak, erasoen zuzentasun morala aldarrikatu du misilek lurra jo duten aldiro. Kasu tristea da Israel eta Palestinarena, biolentzia eta gehiegikeria militarra egitura kapitalista oinarrizkoenaren produktu direla agerian uzten duena. Ideologia batek edo bestek halako metodoekin zerikusi zuzena izan dezakeen arren, bere baitan daramatza kapitalismoak basakeria eta sarraskia. Eta hori dakar: bizitzeko eskubidearen galera justifikatu gabea, izan nazien, sionisten zein besteren baten eskutik.
Dagoeneko badakigu ekoizpen eredu kapitalistaren saneamendua ez dela posible eta irtenbide bakarra iraultza sozialistarena dela. Horregatik palestinarrenganako elkartasunak hitzezkoa eta praktikoa behar du izan: han gertatzen ari denaren salaketa gogorra eta lekuan lekuko konpromezu komunista. Antolakuntzaz, bakoitzari dagokion lekuan, oraina borrokatu beharra dugu, etorkizunean ez dadin horrelakorik berriz gertatu.