AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Ostiral goizean Igor Gonzalez Sola preso politiko bilbotarraren hilotza aurkitu zuten haren ziegan; espetxeak, nolabait, Igor erail du, hamabost urteren buruan. Tamalez, bizia espetxean galdu duten horien artean izango dugu gogoan, baina errespetu osoz helduko diogu Igorren oroimenari: duintasun eta indar iturri izan daitezen bere izena eta honek berarekin dakarren iragana. Agur eta ohore, Igor.

Martuteneko espetxean zendu da Igor, bada, honako arazoaren berri ematen digu gertatutakoak: preso politikoak Euskal Herriko espetxeetara lekualdatu eta hurbildu orduko zenbait zailtasun eta trabari konponbidea eman dakioke, presoen eta euren senide zein gertukoen arteko distantzia murriztean dispertsio-politikek ez lukete-eta kalterik eragingo. Euskal Herriko espetxeetan baleude, mina arindu zitekeen. Adibidez: bidaia- eta mantenu-gastuen murrizketa (artean, euskal preso politiko kopurua eta kondena-urteak kontutan izanik, dependentzia ekonomiko handia dena); joan-etorri denbora tarte eta errepide-distantzia motzagoak; urruntasun sentipenari propioa zaion ezinegon edo larrimina apaltzea; preso politikoak, printzipioz, ez leudeke horren sakabanatuta eta errazago erlazionatu eta komunikatu zitezkeen elkarrekin (preso politikoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeak, hala ere, ez du euren bizi-baldintzen hobekuntza ziurtatzen; ondorioz, azken hau ezin da ziurtzat jo); presoen eta kalean diren militanteen arteko politika-harreman sendoagoak; eta abar. Alabaina, sakabanaketa- eta distantzia-murrizketak, euskal preso politikoen egoera orokorraz ari bagara, ez dio zertan presondegien auzi politikoari irtenbiderik eman. Hau da, preso politikoak bahituta dituztenez gero, Espainiako eta Frantziako Estatuek ukan daukaten errepresio gaitasun zehatz horri (dispertsioak eragin dezakeen kalteari, alegia) amaiera emango lioke hurbilketak, baina ez luke, berez, aipatu estatuen eta preso-politikoen arteko korrelazio berri edo aproposagorik sortuko (euren askatasun zibila, horrenbestez, estatuen erabakimenaren esku egongo da).

Hurbilketak senide eta ahaideen samina arindu dezakeen artean, ez dugu halakorik gutxiesterik. Argi izan behar dugu, hala ere, hurbilketak ekarritako hobekuntza sozial eta pertsonalak ezin litezkeela, bere horretan, konponbide politikotzat hartu. Izan ere, a) bahitzaile eta bahituen arteko aginte eta menpekotasun harremana berdina da, eta preso politikoak atxilo mantentzen dituen jatorrizko injustizia edo biolentzia arrazoia indarrean da oraindik; eta b) espetxeak errepresio-instituzioak dira, ondorioz, horietan ez da ongizate aukerarik; horregatik zaigu onartezina preso direnen egoera nolabait legitimotzat hartzen duten horien politikagintza. Ameskeria «autonomistaren» aurrean, espetxe-politika aurrerakoi eta propioa proposatzen duten horien kontra, "Amnistia" aldarria garrantzitsua da oso, subordinazioari uko egin eta garaipen politikoa ezartzen baitu norbere estrategiaren erdigunean.