EHUk, ikasle-greba baten harira, espedientea irekitzearekin mehatxatu ditu 34 ikasle. Otsailaren 16an Pablo Haselek bi urte beteko ditu kartzelan bere abestien letrak direla-eta. Pablo Gonzalezek ia urtebete darama atxilo Polonian bere informatzeko eskubidea gauzatzearren Espainiar Gobernuaren indiferentziaren aurrean. Iruñerrian 50 gaztetik gora identifikatu dituzte, eta isunak ezarri dizkiete, kalean manifestaziorako lan politikoa egiteagatik.
Legediaren zorrozteak, poliziaren presentziaren normalizazioak edo bitarteko teknologikoak modernizatzeak eta perfekzionatzeak eskubide politikoen urraketa sistematikoa dakar. Oinarrizkoena den jardun politikoaren kriminalizazioaz (greba, propaganda politikoa, adierazpen askatasuna…) ari gara. Errepresio politikoaren aurpegi gordinenak bizi izan ditugu Euskal Herrian hamarkada luzez; milaka militante iraultzaile espetxeratuak eta torturatuak izan dira estatuaren agindupean. Gaur egun, ordea, kale-gatazka nabarmen lausotu bada ere, modu neurrigabean zigortzen eta oztopatzen da eskala baxuko aktibitate politiko independentea: infiltrazioak herri mugimenduko espazioetan, milaka euroko isunak, identifikazioak, jarraipenak, kolaborazio eskaerak, zelatatzeak, atxiloketa eta miaketak…
Antolakuntza independentea desartikulatuta dago eskala handian, eta ez du gaitasunik oposizio indar erreala izango den masa-mugimendu bilakatu eta jardun politikoaren aurkako ekintzei kontra egiteko. Onartutzat zeuden borroka moldeak legez kanpo uzten ari dira gizarte zibilaren baitan kezka izpirik sortu gabe. Protestarako baldintzak desagertzen ari dira. Baldintzen ezabapenak militantzia bera zailtzen du, eta horrek hura periferiako aktibitate bilakatzea errazten du. Hori horrela, militantzia sostengatzen duen babes soziala ere desartikulatuz joaten da, eta horrek kulturalki aktibitate politiko independentea desprestigiatu egiten du. Sorgin-gurpilaren dinamika da hori: militantzia debekatu, gutxi batzuen auzi bilakatu eta garrantzi soziala kendu. Horrela, militantzia are gehiago debekatzea ahalbidetzen da eta are gehiago atomizatzen du, eta eraginkortasunik gabeko dinamika bilakatzen.
Garai gogorrak datoz. Proletarizazioa gogor ari zaigu kolpatzen, eta dugun bitarteko garrantzitsuena da borroka. Eskubide politikoen urraketa ez dagokigu militanteoi soilik; langile klase osoari dagokio. Mozal legea mantentzea, gorroto delituen aurkako legea indarrean sartzea eta desordena publikoen legea gogortzea izan dira legealdi honetan protestaren eta militantziaren aurka egin direnen adibideetako batzuk. Argi adierazi dute berriki egindako adierazpenetan Iruñerriko eta Bilboko kontseiluko kideek: era horretako diziplina-neurriek antolakuntza independentea eta protestak oztopatzea soilik dute helburu. Horren aurrean, beharrezko zaigu eskubide politikoen borroka proletalgo guztiak bere egitea eta lehen lerrora ekartzea.