AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Aste honetan ere izan dugu espainiar zein frantziar Estatuen gordintasunaren berririk Euskal Herrian. Guardia Zibilak hiru pertsona atxilotu zituen astelehenean, orain dela hamar urteko material batzuekin ustezko lotura izatea leporatuta. Auzitegi Nazionaletik pasa eta gero aske utzi zituzten, epaiketaren zain. Laugarren atxiloketa bat ere egon da aste honetan, kasu honetan Ipar Euskal Herrian. Baionako auzitegira eraman ostean, frantziar Estatuan egoteko debekua berretsi zioten aipaturiko norbanakoari, Euskal Preso Politiko ohia dena. Atxiloketa hauek Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza nazionala betikotzeko ariketa bat gehiago dira, Frantzia eta Espainiako botere politikoek Euskal Herriko gatazka armatuaren ondorioak erabiltzen baitituzte euren agintea orainaldian eta aurrera begira azpimarratu eta ziurtatzeko. Zapalkuntza eta estatu biolentzia normalizatzeko, ezein proiektu emantzipatzaileren ondorio errepresiboak nabarmentzeko eta espainiar eta frantziar identitate nazionalistak kohesionatu eta politikoki mobilizatzeko politika modura erabiltzen dute aipaturiko estatuek errepresioa. Funtzionamendu honekin, legalitatearen mugak are gehiago estutzen dituzte, estatu kapitalisten barnean aniztasun politikoa zigortua eta ukatua dela eta askatasun politikoak ez direla existitzen gogorarazten diguna.

Bere aldetik, Txikitok hilabete darama gose eta komunikazio greban, bizitza osoan mantendu dituen idealei eutsita. 30 urtetik gora daramatza Txikitok kartzelan, eta urte horietan guztietan hainbat eta hainbat borrokaldi ezagutu ditu. Oraingoa, amnistiaren aldeko garrasi bezala ulertu behar dugu. Izan ere, preso politikoen kartzeletako egoera geroz eta larriagoa da, azken boladan jazo diren hainbat gertakarik erakutsi diguten modura. Premiazkoa da preso eta iheslarien auziari aterabide duin bat ematea, beraz, eta gure ustetan, ganorazko irtenbide bakarra amnistiaren erresoluziotik pasatzen da.

Amnistiaren egikaritzea, ordea, ez da auzi formal batera mugatzen. Gatazkaren konponbide integralari egiten dio erreferentzia. Zapalkuntzarik gabeko jendarte bat eraikitzea galdegiten du amnistiak, eta hau, gurean, Euskal Herri aske eta sozialista bat sortzetik pasatzen da nahitaez. Izan ere, lurraldearen gaineko kontrola burgesiaren eskuetan dagoen bitartean langileriaren gaineko errepresioa mila modutan gauzatuko da, izan zuzeneko errepresioaren bidez edo egunerokoan pairatzen ditugun isilpeko biolentzietan, baina burgesiaren erasokortasuna ez da leuna eta ez da leunduko ere. Horregatik, amnistiaren auzia ezin da behin-behineko gobernu neurri batera mugatu, ez eta egungo egoeren erresoluzio partzial batera ere. Botere erregimen kapitalista iraultzea da amnistiaren gauzapenerako aukera erreal bakarra.

Bien bitartean, errepresioa pairatzen ari diren guztiei eskua luzatzea eta duintasuna aitortzea dagokigu, eta nola ez, jendarte sozialista baten eraikuntzaren bidean ekarpena egitea.