AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Egunotan Naiz-en argia ikusi duen iritzi-artikulu batek Gramsciren ondare teorikoa aldarrikatu du; aldarrikatu, bai, sozialdemokratentzat, ordea. Erabat kontraesankorra den testua laudorio artean hartu dute irakurleek eta, tamalez, ez gintuzke harritu behar. Izan ere, hainbat dira italiarra miresten duten erreformistak, zeintzuen iritzirako Gramscik desengainu sozialdemokrata justifikatzeko balio baitu.

Euren arabera Gramsci komunista omen zen, ez zuena ameskeriatan, ezta utopietan ere, burua galdu. Komunista zen, hortaz, baina ikuskera politiko iraultzailea bainoago erreformista zeukana. Halaxe behar zuen, baldin eta Gramscik gaur egungo sozialdemokraten eginkizuna ontzat joko bazuen behintzat, edota bere idazkiek politikagintza sozialdemokrataren defentsa egiteko balio balute.

Gramsci, interprete oker horientzat, komunista eta errealista da, eta euren kalkulua honakoa da: komunista + errealista = erreformista. Bada, errealista izan zen kartzelaratu aurretik, bai eta kartzelara sartu ondoren, Gramscik ez zeritzolako Italiako testuinguru politikoari matxinadaz boterea hartzeko modukoa. Halaxe izan zen. Hala ere, horrek ez du esan nahi Gramsciren tesi politikoak eta sozialdemokratenak parekatu daitezkeenik.

Gramsciren usteak eta egungo sozialdemokratenak gauza bakarra dute komunean, ondorengo baieztapena hain zuzen ere: «ez dugu momentu iraultzailea bizi». Alabaina, ezin dugu ahaztu Gramsciren hitzetan «une iraultzaile» batek esangura trinkoa duela, matxinada egiteko momentu aproposarena. Hori dela eta, unea ez-iraultzailea izan daiteke, komunista batentzat (Gramscirentzat ere), ordea, mantendu beharreko estrategia beti da iraultzailea.

Zentzu horretan, ikuspegi komunistatik Gramsciren «ez dugu une iraultzailea bizi» eta Lukacsen «une oro da iraultzailea» baieztapenen artean ez dago kontraesanik. Eta halaxe da, matxinadaz lurraldearen gaineko kontrola konkistatzeko betarik ez dugunean ere helburu horrekin egin behar delako politika. Estrategia, halatan, botere-hartze proletarioaren eta sozialismoaren eraikuntza ekonomikoaren prestakuntza etengabea da.

Lyongo kongresuan (1926) Gramscik eta Togliattik matxinada proletarioari uko egin zioten, baina ez zuten proposamen erreformistarik egin. PCIa (Italiako Alderdi Komunista) alderdi boltxebike bihurtzea ezarri zuten helburu nagusi modura. Eta 30eko hamarkadatik aurrera Gramscik, kartzelan zela, «Asanblada Konstituziogilearen» alde egin zuen (PCIak eta beste alderdi batzuek, oposizio bakarra osaturik, faxismoari aurre egin ziezaioten).

Gramsciren interpretazio sozialdemokratak adibide esanguratsutzat hartu ohi du Asanblada Konstituziogilearen proposamena; ahaztu ohi dute, ordea, faxisten diktadura garaira egokitutako proposamen taktikoa zela eta Gramscik alderdi boltxebikea izan zuela eredutzat proposamena egiteko orduan. Romanov dinastia garaitu ostean demokrata-konstituziogileei deklaratu zieten gerra boltxebikeek, eta berdina proposatzekoa zen Gramsci Mussolini paretik kentzerik bazegoen.

Gaur egun parlamentuan dauden alderdi sozialdemokratek ezin dute Asanblada Konstituziogilearen proposamena euren taktikaren adibidetzat hartu. Izan ere, 1) Estatuaren parte dira, ez daude diktadurapean; eta 2) testuinguru analogo eta hipotetiko batean, komunistek eurei deklaratuko liekete gerra diktadura erortzean (gaur egun bizi dugun antzeko testuinguru batean geundeke-eta orduan, zeinetan sozialdemokratek, estatu burgesaren aurka baino, bere alde egiten baitute).

Antolakunde boltxebike bihurtu nahi zuen Gramscik PCIa matxinada ezinezkoa zen garai batean, ez zuen erreformismoa begi onez jo. Gramscik, horrez gain, bazekien estatu (edota gobernu) burgesa «hartzea» eta botere-hartze proletarioa ez direla gauza bera, eta argi izan zuen iraultza sozialistarako behar-beharrezkoak zirela aliantzak eta bloke sozial zabalak. Alabaina, Gramscik siglen pluraltasunaren gainetik bi alderdi besterik ez zituen bereizten, komunistena eta burgesiarena, eta zeren parte garen gure helburuek eta gure eguneroko jarrerek adierazten dute, bere aburuz. Hegemonia eta bloke historiko bezalako terminoz josia egin daiteke norbere diskurtsoa, baina horrek ez dio ardura. Egiaren neurria beti baita praktika.

Gramsci bere egin nahi duten halako saiakera sozialdemokratei Leninek aspaldi jarri zien izena, errebisionistak, zeintzuen hipokresia agerian geratzen baita alderdi historiko komunistak indarra hartu ahala. Urtarrilaren 29ko mobilizazioak datorkienaren adibide izan daitezela.