Tapiak Jaurlaritzatik eta Alkortak Azpeitiako Udaletik Starkraft enpresaren parke eolikoak eraikitzeko proiektuaren alde egin dute. Hilabeteak zeramatzaten horren jakitun izaten, baina proiektuak babes handirik izango ez duenez, hobe zetorkien ahalik eta denbora luzeenean ezkutatzea eta, bitartean, herritarrak engainatzeko estrategiak koordinatzea. EAJren babesak ez du inor ustekabean harrapatu, baina zeresan handiagoa eman du –baita Ezker Abertzaleko oinarri sozialean bertan ere– EH Bildu era honetako makroproiektu baten alde agertu izanak. Izan ere, ingurugiroaren txikizio itzela eragiten dute eolikoek.
Euskal Herrian hainbat eta hainbat borroka egon izan dira martxan proiektu suntsitzaileen aurka. Lemoiz, Itoiz, Leitzaran, AHT edota beste dozenaka proiekturen aurkako gatazkek sona handia izan dute, eta garaipen esanguratsuak lortu ziren horietako batzuetan. Oraingo honetan, proiektu txikitzailea energia berriztagarrien izenean eta enpresa norvegiar baten eskutik dator –badakizue iparraldeko kapitalismoa zein eredugarria den–. Aurrez aipaturiko makroproiektuetan bezala, edota pinuen edo eukaliptoen landaketa masiboekin bezala, agintariak zein enpresa pribatuak herritarren borondatea –edo zati batena behintzat– erosten ahaleginduko dira, ordainetan ingurune naturalen txikizioa onar dezagun.
Kapitalismo «jasangarriaren» iruzurra salatu behar da lehendabizi. Esku pribatuek eta interes berekoiek ekoizpen bitarteko nagusiak kontrolatzen dituzten sistema batean ezin berma daiteke ingurugiroaren biziraupena. Erregai fosilak urritzen ari diren testuinguru honetan, etekin iturri berriak behar ditu burgesiak, eta kapitalismoaren barnean, horretara datoz energia berriztagarriak, eta ez «planetaren biziraupena bermatzera». Bien bitartean, «berriztagarrien» enpresa kapitalistek mespretxu berberaz begiratzen diote ingurugiroari. Zentzu komun sozialdemokratak zera diosku: «bestelako sistema bat eraiki bitartean, behintzat zerbait egin beharko dugu naturaren alde». Oso ados horrekin, baina «bitarte» horretan ondare naturala babestearen alde eta sozialismoa eraikitzearen alde –hori ez baita zerutik eroriko– egiten dugu sozialistok, eta ez ondasun naturala enpresa kapitalisten esku uztearen alde.
Gainera, enpresa norvegiarrak kutxa publikoak beteko dituela eta horren onuradunak herritarrak izango garela saldu nahi digute. Kontrara, kapitalismoan alderantziz funtzionatu ohi du publiko-pribatu logikak: enpresa pribatuen finantziazioa herritarren kontura lortzen da. Publikoa=ona eta pribatua=txarra logikaren atzean zera dago: biek ala biek kapitalismoaren logikari eta kapitalisten interesei erantzuten dietela, hau da, elkarren osagarriak direla nahitaez. Sistema ekonomiko askatzaile batek, sozialismoak, dikotomia hori gainditu behar du.
Herritarren zati handi batek begi txarrez ikusten ditu horrelako kontuak. Horretaz jakitun, eolikoen inposizioa zilegitzera begira beren erreferentzia –ibilbide militantea– erabiltzen ahalegindu dira EH Bilduko hainbat diputatu. Ezer berririk ez. Hori bai, tartean bada bere burua ekologistatzat daukanik ere. Horrek guztiak sozialdemokraziaren estrategiaren mugak agerian uzten dizkigu, kasu honetan, naturaren eta ekosistemen babesari dagokionez.
Behar-beharrezkoa zaigu gisa horretako proiektu suntsitzaileen aurka egitea, eta hori guztia naturaren eta jendartearen garapen arduratsu eta orekatu baten aldeko estrategiarekin batzea, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoarekin, hain zuzen ere.