(Itzulpena)
Aspaldi formulatu zen erreforma ala iraultza disjuntiba, eta oraindik ere ez dena bezala planteatzen da: Bi hautabide, bakoitzaren bideak oso ezberdinak izan arren, azkenean, helmugan bat datozenak. Hala izatekotan, erreforma eta iraultza, biak ala biak, programa politiko bideragarriak lirateke; hots, langile klasearen aukera politikoak, eta bataren eta bestearen arteko hautua auzi moral edo taktiko soilek baldintzatuko lukete: eztabaidatu egin beharko genuke ea haustura iraultzailea den hautatzen duguna (aukera tragikoena izanda ere) ala aproposagoa den ehun urteko erreformaren bidea (moderazioarekin konpentsatzen duena atzerapena), edota zenbait egoeretan iraultza posible den ala erreformistak izatea besterik ez dagokigun. Beraz, arrazoibide taktikoaren edo motibo subjektiboen bidez egingo genuke bata edo bestearen alde. Baina ez. Erreforma ala iraultza ez zen termino berdintasunean formulatu, ez zuen eta alternatiba erreal batetik eratorritako dilemarik taularatzen; aitzitik, kontraesan bati izena emateko erabili zen (hemeretzigarren mende amaierako eta hogeigarren hasierako sozialdemokrazia alemaniarraren hegal errebisionista sorrarazi zuena), sozialismoa ala basakeria disjuntiba errealean ebatzita dagoena.
Oparotasun erlatibo orokorra izan zuten hamarkadek (ez osoa, Ongizate Estatuek ezin izan zuten eta proletariotzaren ondoezarekin amaitu, egunez egun ordena kapitalistako miseria menderaezin gisa berresten da) kapitalismoan ekoizpen indarren garapen mugagabea posible zenaren ilusioa sortu zuten. Horregatik diote apologeta burgesek ekoizpen eredu kapitalista gai dela arian-arian mundu mailako pobrezia txikitzeko eta, orain artean pobreziarekin amaitu ez bada, ekoizpen eredu kapitalistak ñabardura kaotiko bat edo beste duelako dela. Hau da, bigarren mailakoak, zigorgarriak eta konponbide errazekoak diren arazoak dituela. Arazo partzial bat denez, diote apologetek, ezin da ekoizpen modu kapitalista osotasunean baztertu, hau hobetzean datza auziak. Ikuspuntu hau bera da, egun hain errotuta eta orokortuta dagoena -baita ezkerreko alderdietan ere-, pasa den mende hasieran europar sozialdemokraziaren borondate iraultzailea uhertu zuena eta erreforma ala iraultza kritikarekin jarri zen zalantzan. Militante komunistek burututako kritikak zioen ekoizpen eredu kapitalistaren goren aldi ekonomikoa ez zela gai zetorren krisia saihesteko, eta beraz, kapitalismoan ez dagoela biztanleriaren aberaste jarraikorrerako joerarik. Komunistek agerian utzi zuten ekoizpen indarren garapenak, balioaren legeak determinatzen duenak, talka egiten duela krisiarekin (kapitalaren balorizazio ezintasunek eragiten dutena); eta ezin du ekidin, bere beharra emana baitago ekoizpen harreman modernoak osatzen dituzten oinarrizko elementuetan.
Eta, zer dela eta? Ekoizpen kapitalistaren azken helburua gainbalioa delako, kapitalistaren aberastasun pertsonala eta lan indarraren esplotazio eraginkorra; horrenbestez, testuinguru ekonomikoa onuragarria ez denean eta kapitalistak metatzeko gainbalio nahikorik erauzten ez duenean, makina gelditu egiten da. Orduan, soldatak ordaintzeari uzten zaio, ehun produktiboa suntsitzen da, ez dira azken berrikuntza teknikoak aplikatzen, ez da ekoizpen prozesuaren hobekuntzetan inbertitzen (langilearen erosotasun edo segurtasunari dagozkionak)… eta ez dira diru publikoarekin ordaindutako limosnak mantentzen. Hala ere, ekoizpen indarren egungo aurrerakuntza (hauen garapen tekniko eta zientifikoa) bada langile klase osoaren ongizate materiala bermatu dezakeen aberastasuna sortzeko gai. Guztiak gure oinarrizko beharrak beterik bizi gintezkeelako, baita hobe ere, seinalatzen dugu komunistok arazoa ekoizpen harreman kapitalistak direla. Hobe bizi gintezkeelako (ekoizpen indar horren objektibotasuna existitzen da), baina ozta-ozta bizi gara. Hau da komunistek errebisionismo sozialdemokratari eginiko kritika nagusia: hauen optimismoak, ekonomia kapitalistaren garapen aukeren ingurukoak, oinarri zientifikorik ez zuela seinalatu zuten, eta krisiak berak aldian-aldian ezeztatzen erakusten zuela. Marxek berak esan zuen: momentu jakin batean indar produktiboen garapena eta ekoizpen harremanak kontraesanean sartzen dira; garapena forma historiko zehatz horren pean gelditzen da eta sistema inboluzionatu egiten da. Erreforma, beraz, ez da bideragarria puntu batetik aurrera (indarrean dagoen ekonomia onartzetik abiatzen baita) eta iraultza, berriz, aukera bakarra da gizadiak aurrera egin dezan.
Komunismoak, programa politiko gisa, aberastasun unibertsala ekoizteko gai den garapen gradu bat eskatzen du (guztiek kontsumitzeko eskuragarri egongo dena). Askatasun politikoaren aldarria baieztapen horretan oinarritzen da, hain zuzen.