Akusazio zentzugabeak, batzuetan, gutxien espero dugunean jazo ohi dira. Ekidaren azken editorialarekin (Kultura eta klasea I), esate baterako, horixe bera gertatu zitzaigun pasa den astean. Halakoetara ohituta egonda ere, harriduraz hartu du Mugimendu Sozialistako militante askok, Kultura eta klasea I jo-puntutzat hartuta, Ezker Abertzaleko zenbait kidek esandakoa; Ekidako editoriala arretaz irakurriz gero, agerikoa baita euren baieztapenek ez dutela inolako zentzurik.
Oinarri sendorik gabeko akusazioa izan zen Ezker Abertzaleko kideena, are, ez zutenean apenas Ekidaren editoriala bera kontuan hartzen; bada, inoiz komunitate politiko indartsua izan zenaren dekadentzia agerian uzten du horrek. Eta gu, gaurkoan, posizio eske gatoz. Mugimendu Sozialistako militanteei ahopeka egiten dizkiezuen aitortzak ez dira nahikoa dagoeneko; aurpegira arrazoia ematen diguzuenek, baina modu pasiboan Ezker Abertzalearen parte zaretenek, zeregin argia duzue: kritika publiko legez aurkeztu behar duzue pentsatzen duzuen hori. Ausartak izateko garaia da; izan ere, zuen isiltasunean datza astakeriatan ari den horren inpunitatea.
Testuingurua emanez: Ekidak Kultura eta klasea I editoriala ekainaren 22an argitara eman zuen, zeinetan gizarteen eta norbanakoen baldintzapen kulturalaz ari baita. Editorialaren hipotesi xumea honakoa da: gaur egun klase baten parte izateak baldintzatzen du gehien giza-taldeen eta norbanakoaren bizimodua, baita euren mundu-ulerkera ere, hori dela eta irakur genezake editorialen etnia kategoriak, nolabait, garrantzi osatzailea galdu duela «kulturan». Kultura baten edo besteren genealogia haren ezaugarri etnikoetan (jatorri geografikoan, tradizioan, hizkuntzan, garapen sozio-ekonomikoan eta abar) zetzala XX. mende hasierako antropologia kultural- edo sozial-anglosaxoiak defendatu zuen, batik-bat AEBetako eskola batek, eta teoria determinista edo supremazistak eztabaidatu asmotan egin zuen haren ekarpena. Azken batean, gizakiaren ezaugarri kulturaletan harreman sozialek genetikak baino pisu handiagoa dutela defendatzea zen antropologia korronte horren helburua, eta etnia edo jatorri nazionala (arrazak ere aintzat hartuta) jo zuen orduko kulturen (jokabideen eta mundu-ulerkeren) printzipio konstitutibotzat. Editorialaren arabera, berriz, «kapitalismo globalizatuaren eta informatizatuaren garaiotan, klaseak eratzen ditu, gero eta areago, gaur egungo bloke kulturalak. Modu horretan, etniek indar handia galdu dute».
Ekidaren editoriala 1) ez da erasokorra, hau da, ez dago subjektu politiko jakin bati zuzenduta; Ezker Abertzaleak ez du inondik inora Kultura eta klasea I ekarri. 2) Programa politiko komunistaren ikerketen artean kokatu beharra dago editoriala, zeinaren funtzioa ikerketan zehar lortutako ezagutzaren dibulgazioa baita.
Halatan, «zer du buruan artista sozialista batek» galderari erantzuna eman diogu. Alegia: artista sozialista baten kezka nagusia proletariotzaren iraultza da. Bai eta Ekida posible egin duten horiena ere.
Asaldatu denaren erantzuna edo MSD (Mugimendu Sozialista Dogmatikoa): editorialak izan zituen erantzun gehienak tamalgarriak dira, horietako batzuk ulerkera okerraren eta inpotentziaren seinale ere badirenak; alabaina, bada bat kontuan hartu beharrekoa, MSD kategoria aurkeztu zuen horrena, hain zuzen. Editorialaren auzi konkretuaz ezer gutxi esan (bere kritikarena eta editorialarena ez baita eztabaidagai bera) eta dogmatiko izendatzen gaitu. Haren aburuz, ez du merezi Mugimendu Sozialistari kritika politikorik egitea, ez omen dagoelako Ezker Abertzalearen eta Mugimendu Sozialistaren arteko elkarlanerako elementu taktiko txikienik ere. Eta horregatik dogmatikoak gara; eta ez bada horregatik, iraultza «prostituitzen» dugulako izan zitekeen, edo estratosferan bizi den abangoardia garelako edota lehia kalean dagoenean gu Twitterrera mugatzen garelako. Baina hauxe idatzi duenak jakin badaki militante komunistak sare sozialetan baino zintzoagoak garela kalean, eguneroko militantzian. Zein den horren ebidentzia? Bada, guk Interneten argitara ematen dugun kritika politiko berbera egiten dizuegu herrietan eta auzoetan, baina zuek gutxitan esan diguzue halako astakeriarik aurpegira. Azkenaldian behintzat. Esanguratsua izan da dogmatismoaren akusazioa, oraingoan, Ekidak hasitako eztabaida teoriko baten eskutik heltzea.
Hemen ez diegu, aitzitik, Mugimendu Sozialista dogmatikotzat jotzen duten akusazioei kontra egingo, GEDAReko beste editorial batean argi utzi genuen eta zer irizten diogun horri (Komunismoaren gaurkotasunaz editoriala). Oraingoan, marxista eta komunista konprometituek sarritan egin behar izan duten baieztapen berdina egitekoak gara: gu ez gara dogmatikoak, ezer izatekotan ortodoxoak gara. Halaxe Leninek, Lukácksek, Gramscik… Eta ortodoxoak gara, ez duela mende bat esaten zen horri berdin-berdintsu heltzen diogulako: ortodoxoak gara gure programa politikoa ikerketaren, kritikaren eta horien emaitza zein ondorio logikoen batasuna delako. Gure iritziz, esperientzia politikoak (izan bide historikotik zein zientifikotik) mahaigaineratzen dituen kontraesanak posizio estrategiko eta taktikoak zuzentzeko nahikoa arrazoi dira; guretzat kritika politikoa beti da onuragarria, bai eta alde batera utzi ezin daitekeen eginkizun militantea ere, eta gure estrategia eta taktika aipatutako kritikaren emaitzen araberakoak dira; gu metodo bati zor gatzaizkio, ikerketari eta eztabaidari, borondate iraultzaileari, egiaren balio militanteari eta perspektiba historikoari.
Ez badituzue kritika politikoaren ondorioak zuenak egingo, ez guri deitu dogmatiko. Are, gu kritika politikoaren emaitza zuzena garenean, Euskal Herriko testuinguruan pisua hartzen ari den kritika politikoarena, hain zuzen ere. Kasu honetan, hala ere, eztabaida teoriko batez ari gara, Ekidako editorialak aurkeztutakoaz, eta Ezker Abertzalea ez da izan eztabaida horri duintasunez heltzeko gai. Eztabaida politikoari aspaldi egin zioten uko, eta orain gure eztabaida teorikoetan Leninek hainbeste gorroto zuen umekeriarekin hartzen dute parte.
Horri guztiari oker deritzozuenentzat, barru-barrutik tristuraz bizi duzuen horientzat, ez al da ezer esateko garaia?