AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Asteazken gauen (otsailak 24) EHUko HEFA fakultatean itxita zeuden ikasleak eraikinetik kanpora atera zituen Ertzaintzak. Astelehenean hasi zuten UIBko militanteek itxialdia, eta EHUko errektoretzarekin harremanetan jarri eta euren aldarrikapenak negoziatzeko prest azaldu ziren sartu bezain pronto. Errektoreordeak, berriz, UIBek zionari jaramon egin ez eta Ertzaintzari dei egin zion, bestelako irtenbideei bizkarra emanez. Beste ezer proposatu ordez poliziek bertan ziren ikasleak indarrez kanpora zitzaten galdegin zuenez gero, haren arduragabekeria agerian utzi du EHUk, baita ikasle eta langileek unibertsitatearentzat zer garrantzia duten argi utzi ere. Izan ere, asteazken gauean EHUri fakultate barruan ziren ikasleak bost axola zitzaizkiola irudi zuen, eta haien eskakizunek zer esanik ez… Alabaina, auzi politikoa ez da, ez soilik behintzat, EHUk fakultatera polizia bidali izana (nahiz eta hau gizartearen militarizazio orokorraren ebidentzia izan); militanteok kontuan hartu beharrekoa, aitzitik, honako hau da: EHUk hasiera-hasieratik elkarrizketa eta negoziaketarako izan duen prestutasunik eza, are UIBek negoziatu nahi zuen hori, gune baten kontrola alegia, urte luzetan ukan dutenean HEFA fakultateko ikasleek, dekanotzaren beraren onespenarekin gainera.

Unibertsitateak, jatorriz, instituzio «aurrerakoiak» dira askoren aburuz; hezkuntza zentroak omen, jakintzaren transmisio jakin bat ziurtatzeaz gain, balio etiko humanistak hedatu eta indartzen dituztenak. Ohiko ulerkera honen arabera unibertsitateak ez dira ezagutza zientifikoaren gotorleku soilak, askatasun politikoa eta kritika ere instituzioon ardura bailirateke. Jakin badakigu emantzipazio borrokaren bat edo beste unibertsitate zehatzen batean jaio zela, baina ez zen unibertsitateak berak bultzatua sortu. Bada, unibertsitate burgesa, instituzioa bera (hau da errektoreordetza, dekanotzak, estatuko hezkuntza saila, inbertsore pribatuak eta abar) kontserbadorea da izatez, eta batzuetan erreakzionarioa ere: langileria klasearen eskubideekin zerikusia duen lorpen oro, unibertsitatean jazo edo unibertsitateak posible egin zuena, bertako ikasle eta langileek unibertsitatearen edo honek ordezkatzen duen gizarte ereduaren aurka burutu zituzten borroken emaitza da. Unibertsitatetan ikasten den horrek, zientzia eta teoriak, eztabaida eta kritika sustatzen ditu nahita-nahiez eta unibertsitateko soziologiak, ikasleen edade eta jakinminak adibidez, antolakuntza politikoa ahalbidetzen du. Burgesiak, ostera, ondotxo daki hori eta unibertsitateak despolitizatu asmoz Bolonia eta antzeko erreformak indarrez ezarri izan ditu betidanik.

Autoritarismorako joera hartu zuten aspaldi unibertsitateek, eta hori lortu asmoz zurruntasun eta kalitate zientifikoari ere uko egin izan diote inolako lotsarik gabe. UIBren eskakizuna, aldiz, joera horren aurkakoa da, despolitizazioaren kontrapisua. Eta premia handia du eskatzen duten gune horrek, eguneroko lan militanteaz unibertsitateko langileen eskubideak bermatu daitezen, langileriaren ongizatea borrokatu dadin. Honenbestez errektoreordetzak negoziazioa onartu eta, UIBren eskakizunak aztertu bitartean, unibertsitateko normaltasuna ziurtatu behar luke, soilik horrela utz diezaioke eta unibertsitateko langileen eskubideak urratzeari.