12 urtera bitarteko kartzela zigorrera kondenatu ditu Auzitegi Gorenak De Miguelen kasuaren harira epaitutako politikariak. Itxuraz, EAEn inoiz izan dugun ustelkeria kasu garrantzitsuenetariko baten aurrean gaude. 26 inputatu izan ditu kasuak, eta hauek izan dira, besteak beste, Araba Buru Batzarreko kide horiei leporatu zaizkien delituak: influentzia-trafikoa, prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, funts publikoen erabilera bidegabea, agiriak faltsutzea, zilegi ez den elkartea eta kapitalen zuriketa. Delitu horiek guztiak barne biltzen dituen logika zera da: administrazioaren eta baliabide publikoen erabilera onura pribaturako erabili izana. Hori horrela izanda, eta EAJ burgesiaren alderdia dela aintzat hartuta, hau da, elite ekonomiko nazionalen parlamentuko ordezkaritza dela, ez al da EAJ alderdi ustela sortzez eta funtzioz?
Oraingoan EAJri leporatu zaiona «legez kanpoko ustelkeria» izan da, hau da, estatu demokratikoen marra gorri etikoak pasatu izana. Izan ere, ustelkeria guztiz normalizatuta dago bere eguneroko jardun instituzionalean. Kapital blokeen hegemoniaren arabera beste estatu askotan ustelkeria kasutzat jasotzen diren asko prozesu administratibo gisa legalizatuta eta normalizatuta daude hemen. Gainera, horrelako prozesuak nabarmen normalizatzen dira ongizate estatuak ezegonkortzen diren uneetan eta proposamen politikoek kapital pribatuaren finantzaketa behar dutenean. Kasu honetan, ustelkeria kasu isolatuetara eta norberaren ekinbidera murrizten saiatu da EAJ, ustelkeriaz akusatutako alderdi gehienek egiten duten era berean. Bestela esanda, botereak galbideratu duen politikariaren istorioa sozializatu nahi dute, eta ez guztiz egituratuta duten jardunbidea delakoa.
Kapital bloke handiak, elite ekonomikoak edo banku zentralak eta estatu administrazioak egitura beraren parte dira; sinbiosi batean bizirauten dute sistema kapitalistan. Horregatik, oker dabiltza ustelkeria desagerrarazteko bidea estatuaren demokratizazioa dela defendatzen dutenak edota praktika horiek kontrol mekanismoen eta herritarron esku-hartzearekin bukatuko direla defendatzen dutenak. Sozialdemokrazia temati saiatzen da estatuaren neutraltasuna defendatzen, estatua burgesiaren interesak defendatzeko ez balego bezala, eta bere burua interes desberdinen arteko administratzaile gisa aurkezten du. Ustelkeriaren aurkako borroka elite ekonomikoen aurkako borroka gisa saldu nahi digute; aldiz, klase borroka da elite ekonomikoen aurkako balizko borroka bakarra.