Pasa den ostegunean Desokupa enpresa faxistak Abadiñoko etxebizitza bat hustu zuen. Goizaldean bertaratu ziren hamabi bat gizon eta etxe okupatuan bizi zirenak mehatxupean atera zituzten kanpora. Desokupa enpresak, haren izena zuritu nahian edota haren inpunitatea agerian uzteko asmoarekin, burutzen dituen desalojoak grabatu ohi ditu; bada, oraingo honetan ere bideo bat igo du sarera, zeinetan etxebizitzako kideak eraikinetik euren borondatez alde egin zutela ziurtatzen baitute. Ez dute erabilitako indarkeria aipatzen, eta ez dute azaltzen zertan den euren konbentzimendu metodoa, hau da, zer egiten duten borondate propioz kaleratze-dokumentua sina dezaten okupek. Bideo motzen jokabidearekin proletarioen bizi baldintzei eraso egiten diete gainera, sarera igotako irudietan ez dituztelako euren ekimenak islatzen soilik (euren efikazia alegia), nolabait etxe okupatuetan bizi diren kritika morala ere bilatzen dute grabazioekin. Klase ertainaren bizi baldintzak ukan ezin dituztenei, legalitatetik at bizi direnei batik-bat, barre egiten diete eta euren bizimodua, erabat proletarizatuak dauden horiena, gaitzetsi ere egiten dute politikoki. Izan ere, euren aburuz halaxe bizi direnak zuzen-zuzenean borrokatu beharreko etsaiak dira: parasitoak.
Desokupako faxistek kriminalen kontra egiten dutela lan diote, eta euren biolentzia justifikatzen dute langile edo partikularren jabetza pribatua defendatu eta euren baliabideak ahulenen mesedetara jartzen dituztela esanez. Gutxitan egiten diete aipamen euren zerbitzua sarritan kontratatzen duten etxe-agentzia edo banketxeei, eta Desokupa enpresaren zentzun- eta funtzio-burges menderatzailea ezkutatzen ahalegintzen dira hiritarren zentzu-komunak erraz bere egiten duen ideologian babes harturik. Gezurra. Desokupa enpresaren ekinbide faxista nabarmena da. Pobrezia garaia dugu hau, non klase ertainaren eta burgesiaren arteko paktu soziala gero eta politikoagoa baita. Halatan, bi estratu sozial horien arteko hartu-emanen emaitza zuzena dugu Desokupa enpresa; eta hau, klase borrokarako testuingurua aktuala, bai batak zein besteak proletariotza arerio nagusitzat hartzen dutenaren seinale da. Klase ertainaren jabetza pribatuaren defentsarako soluzio extrajudiziala, horixe da Desokupa, proletariotzaren halabeharrezko irtenbide «kriminalei» bidea mozten dien indarkeria, estatuak baimendua. Eta ba al da ezer faxistagorik klase ertainak bere jabetza defendatzeko bide biolentoak behar dituenean honek burgesiarekin egiten duen paktua baino? Klase ertainaren ondasunak langileen arteko elkartasuna eta babesa indartzeko baliabide izan zitezkeen, ez duenari ezer eskain baitiezaioke apur bat duen horrek, baina klase ertaina beldur da proletarizazio prozesuak ez ote duen bera ere pobretuko. Soilik bere ongizateari erreparatuko dio, deabruarekin ankerkeriarik hitzartu behar badu ere.
Ertzaintzak ostegunean ez zuen desalojo ilegala ekidin. Desalojoa bera posible egin zuen. Desokupa enpresako kideei babesa eman zien eta okupei elkartasuna adieraztera hurbildu zirenei, aldiz, egurra. Estatuaren indar armatuak eta biolentzia ilegala bat eginik proletariotzaren aurka, halakorik ere bizi izan zuten hogeigarren mende hasieran proletarioek. Gauzak horrela, behar-beharrezkoa zaigu espazioen gaineko langile-kontrola hedatu eta indartzea, ez dezaten berriz inpunitate eta erraztasun osoz langilerik etxetik atera. Datozen urteetan Errakiren ekarpena ezinbestekoa izango da, horregatik hartu behar dugu militanteok Erraki indartu eta hedatzeko konpromezua.