AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Edozein unetan berretsi zezakeen sententziak inoiz bertara gerturatu eta, inguruan zirela, eraikinaren jabeekin topo egin dutenei hauek aurpegiratutako hura: Poliziak Legutioko Desjabetuon Hotela hutsaraziko du, edozein unetan. Badira hamabost urte hotela eraiki zutenetik eta, pasaden abendura arte, alegia, gaur egun eraikinean direnek sarrailak aldatu eta espazioa euren kontrolpean hartu aurretik, hotelak ez zuen inolako erabilpenik izan. Eraikin soila zen, hutsa eta funtziorik gabea: 2007-2009 urteetako krisialdiak bete-betean harrapatu zuen, merkatuak alde batera utzitakoa da hotela eta, gaurdaino, enpresa batek ere ez du berau erosteko asmo definitiborik adierazi. Ordukoak halako jabetzen espekulaziorako garai gordinak izan arren, orain ez da ekonomia-baldintza aproposagorik; ez dirudi, beraz, kapital metaketa prozesurik abiarazteko ahala duenik hotelak. Bada, erabilpen zehatzik ez duen jabetza pribatuak, ez dena irabazi iturri hain zuzen ere, burgesia-txikiaren ohorea zauritu dezake: merkatuan ez dutenez negoziorik egin, ondasunaren babes-judizialari heltzen diote itsu-itsuan, eta bestelako esperantzarik gabe, jabeek, proletariotzak euren pribatutasun apurra urratzean, ondasuna profanatu duten horiek zigortzeko ardura hartzen dute gogo ankerrenarekin. Izan ere, mespretxu bikoitza bizi du halakotan burgesia txikiak: alde batetik, ez du gainontzeko kapitalistekin lehiatzerik lortu (Legutioko hotela kasu, jabeek ez dute eraikina saldu), eta, bestalde, haren non plus ultra, hau da, burges txikiari boterea eta momentuko gainbehera eragin dizkion ondasuna, eurena egin dute langile batzuek.  

Konplexua da oso ekoizpen eredu kapitalistak eratu izan duen aberastasun sozial orokorra (elikadura ustiaketa, eraikuntza, osasungintza, garraio eta komunikabideak, internet, heziketa eta hezkuntza bideak, arma- eta logistika-ingeniaritza, eta abar); bada, inoiz izan den aberastasun sozial zabal eta anitzena izan arren, merkatuak berak traba nabarmenak ezarri dizkio bizi- eta ongizate-baliabide horien sozializazio aukerari. Hau da, pobrezia orokorra murriztu zezakeen delako aberastasun soziala ez dago pobreak diren gehiengoaren esku. Horra hor, merkantziak harekin dakarren patu tragikoa: merkatuan saldu dadin ekoizten dute kapitalistek merkantzia bat edo beste, euren helburu bakarra merkantziaren bidez irabaziak lortzea delarik; alabaina, aipatu merkantziak ez badu eroslerik, edo dagoeneko ez bada errentagarria, ez du inork kontsumituko eta probetxu sozialik gabe desagerraraziko du denborak, edo industria makina kolosalen batek. Beharrizanak eta berau ase dezakeen objektuak ez dute bat egiten ekoizpen eredu kapitalistan; Legutioko hotela, halaxe, krisialdiaren eta kapitalaren etorkizunik ezaren ebidentzia besterik ez da izan gaurdaino, proletariotzak eraikinean bertan, burges txikien aurka, gatazkari heldu dionez gero. Proletariotzak merkatutik kanpo borrokatu beharra du haren ekonomia-baldintzekin bereganatu ezin dezakeen aberastasun sozial apurra, legediari bizkarra emanez eta hartutako erabakiak ekar lezakeen arriskua bere eginez. Hori dela-eta, krisialdi garaiotan proletarioen ahala ekonomikoak okerrera egin duenez eta burgesia txikiaren negoziaketa gaitasuna ahulagoa denez gero, okupazioa eta antzeko praktiken kontrako kanpaina mediatikoak areagotu egin dira; izan ere, estatuek ez dute mundu mailako kapital metaketa prozesuek gurean alde batera utzitako hondarren eta ezinegon proletarioaren arteko talka gelditzerik eta, ondorioz, euren tresneria juridiko eta errepresiboa gogortzekotan daude. Proletariotzaren ekimen "kriminala" gaitzesten duen kontzientzia hedatzen dihardu burgesiak, komunistok, ordea, okupazio zentzudun eta politikoaren aldeko konpromezua berretsi eta langile kontrolpeko espazioen defentsan batu behar dugu elkar. Desjabetuon Hotela desalojo arriskuan bada, gu han izango gara.