Honezkero inork honakoa esango zuen: nola aurkez dezakete hilabeteko tartearekin Gazte Topagune Sozialista? Eta hori edo antzeko zerbait dioen horrek, GKS eta IA larri dabiltzala izango du buruan (Topagunearen antolaketari dagokionez bederen). Bada, iritzi okerragorik ez da. Egia da, bai, pasa den ostiralean eman zutela Gazte Topagune Sozialistaren berri antolakundeek, eta, bai, Topagunea urriaren 8an hasi eta 12an bukatzekoa da; GKS eta IA, berriz, ez dabiltza berandu; are, berandu baino lehen Topagunea egiteko erabakia hartu dutenean.
Kontuan izan behar dugu garai honetan zaila dela oso halako ekimenak egiten, batzuen aburuz baita ezinezkoa ere. Eta halakoetan politikagintza, zailtasunek itsutu gaitzaketenean, «posibilitatera» mugatu ohi da; ekimen politiko baten izateko-aukera antzematera hain zuzen ere. Gazte Topagune Sozialistaren antolaketaz ari bagara, beraz, berandu ibiltzeak esanahi bakarra izan dezake (bere garrantzia edo premia ez baitago eztabaidatzerik): antolakundeek ez dute Topagunea antolatzeko aukera ikusi edo ez dute ikusteko borondaterik izan. Aukeraren bat izan balitz eta ez balute probestu, orduan bai, berandu litzateke eurentzat. Baina GKSk eta IAk inteligentzia politiko handiz jokatu dute, pazientziaz: zain egon dira aukera noiz suertatuko.
Eta aukerak ez die ihes egin. Ezerezean, horregatik, bat-batean Gazte Topagune Sozialista. Mobilizaziorik eza eta sumisioa indarrean diren une honetan politika komunistari espazio zabala eman diezaioke Topaguneak, gauzen egoera orokor tamalgarri hau, moduren batean, politizatu dezakeelarik. Izan ere, proletalgoaren antolakuntza politikoak azken urte eta erdian izan dituen mugen gainetik, haustura politikorako elkargunea izan nahi du Gazte Topagune Sozialistak. Eta ez da elkargune soila izango; zentzu komun orokortuak dioenaren aurka elkarrekin batu eta erlazionatzeko garrantziaz jabetzen bagara ere, Topaguneak botere proletarioaren artikulazio estrategikoa du ardatz. Hori dela eta, ezagutza eta antolakuntza komunista indartuko dituen eztabaidak sustatuko dira Altsasun eta, era berean, bertaratu daitekeen edonoren ongizatea, grin iraultzailea eta ilusioa bermatu eta indartuko dituen giroa ziurtzat jotzen dugu. Helburua, hein batean, honakoa da eta: azkenaldian ongizate kolektiboaren izenean debekatu den proletalgoaren sozializazioak beste zentzu bat hartzea, printzipio politiko sozialistek eskain diezaioketen zentzu askatzailea, alegia. Finean, sozializazio gabezia harreman eredu politiko eta oparo bihurtzeko beta da aurtengo Topagunea.